Asteartean Donostiako epaitegi batek gizon bat kondenatu du, ezkondu zirenetik bere emaztea 57 urtez egunero psikologikoki eta fisikoki azpiratzeagatik. Epaitegiak urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio erasotzaileari.
Fiskaltzak eta akusazio partikularrak eskatutako zigorra onartu du akusatuak. Hiru deliturengatik kondenatu dute 80 urte baino gehiago dauzkan gizona: ohiko tratu txarrak, bidegabeko isekak eta mehatxuak. Biktima ere 80 urtetik gorakoa da.
Fiskaltzaren akusazio-dokumentuaren arabera, auzipetuak biktimaren borondatea etengabe menperatu zuen iseken bitartez. Horrez gain, akusatuak uste zuen emaztea ez zitzaiola fidela izan eta elkarrekin zituzten seme-alabak bereak ez zirela leporatzen zion etengabe emazteari.
Hala dio espresuki akusazio-dokumentuak: “Akusatuak, bikotearekiko dominazio- eta kontrol-posizioa mantenduz, biktima garajean edo trastelekuan giltzapetzen zuen, eta kaltedunak gaua bertan igaro behar izaten zuen sarritan. (…) Beldur eta biolentzia egoera hori mantentzeko, askotan aurpegira oihukatzen zion, platerak botatzen zituen eta bultzatu eta jo egiten zuen”.
Dokumentuak, horrez gain, gertaera zehatz bat jasotzen du, 2017ko abuztuaren 14ko gauean jazotakoa. Egun hartan, gizonak bere emaztea umiliatzeko, isekatu egin zuen eta heriotza-mehatxua egin zion haien semearen aurrean. Horren ondoren, gizonak aizkora bat hartu eta ama eta semea zeuden lekura hurbildu zen, familiako bi kideak beldurtzeko arma altxatuz.
Osoko Balorazio Forentseko Unitateak egiaztatu zuen biktimak salatutako gertakarien ondorioz arazo psikologikoak dituela. Kasuaren gertuko lekukoek salatu dute jada hilik dagoen seme baten aurka ere tratu txarrak egiten zituen kondenatutako gizonak.