argia.eus
INPRIMATU
2009tik Euskal Herrian 114.000 lagun gehiago daude pobrezian
  • Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak Pobrezia eta bazterketa Euskal Herrian ikerketa txostena kaleratu du. Bertan jasotzen denez, pobreziaren inguruko neurgailu anitzek datu ezberdinak ematen dituzte baina guztiak bat datoz  Euskal Herrian pobreziak gora egin duela esaterakoan.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko abenduaren 06a
Eurostaten datuak oinarri hartuta Gaindegiak osatu duen mapa, Europan pobrezia edo bazterketan erortzeko arriskuan dagoen biztanleria kopurua adierazteko.

Txostenean biltzen denez, 2009tik hona, Euskal Herrian gutxienez 114.576 pertsona gehiago daude pobrezia egoeran.

Bestalde, lurraldeen arteko desberdintasun nabariak azpimarratzen ditu dokumentuak. Bi Estatuen arteko muga hartuta, Ipar Euskal Herrian pobreziaren proportzioa altuagoa da, baina estatuak politika publikoen bitartez orekatzen du. Hego Euskal Herrian berriz, pobreziaren bilakaera negatiboa izateaz gain, oso azkar gertatzen ari da.

EUROSTATen datuen arabera, 2012an Euskal Herrian 520.416 pertsona zeuden pobrezia edo baztertze arriskuan, biztanleria osoaren %16,6. Batik bat EAEn eman da igoera hori. Horretaz gain, 2012an 317.199 pertsonak ordu oso gutxiko enplegua zuten. 2009. urtetik ia bikoiztu egin da egoera horretan dagoen biztanle kopurua.

Europar Batasunaren neurgailuaren datuak erabilita Gaindegiak mapa esanguratsua egin du. Bertan irudikatzen da Euskal Herria Europa mailan postu baxuan dagoela pobreziari dagokionean, nahiz eta azken urteetan goranzko jarrera nabarmena hartu duen.  

Mapan jasotzen denez, Euskal Herriko datuak (%16,6) Austria (%16,9), Suitza (%17,2) edo Finlandiaren (%17,2) antzekoak dira. Frantzia (%19,1) eta Alemania (%19,6) urrutiago ditu, eta askoz urrutiago Espainia (%28,2).

Europako ekialdean kokatutako herrialdeek dute pobrezia tasa altuena: Bulgaria (%49,3), Errumania (%41,7), Letonia (%36,6), Lituania (%32,5) edo Hungaria (%32,4), baita Grezia ere (%34,6).

Hala ere, ikerketa bakoitzean ateratako emaitzetan adostasunik ez egoteak pobrezia maila zehaztea zailtzen du. Ondorioz, pobrezia maila biztanleriaren %15 eta %30 arteko mugan kokatzen du Gaindegiak.