500 emakume bildu dira Berriozarren, elkarrekin boteretu eta Euskal Herri feminista eraikitzeko

  • Ahots anitzeko mahai-ingurua eskaini zuten Berriozarren (Nafarroa) goizean boteretzeaz, eta arratsaldeko tailerretan jarri zuten botere hori praktikan. "Indar bat" direla aldarrikatu zuten ondorengo manifestazio eta ekitaldi jendetsuetan.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko maiatzaren 08an - 10:58
Berriozarren bildu ziren 500 bat emakume iragan larunbatean. (Arg.: Topatu)

15 urteetako jardunaren errepasoa eginez ekin dio Miren Aranguren bilgunekideak topaketako mahai inguruari: feminismoa gorakadan dago orain, giro hori ez zegoen lehen, bere arabera. Boteretzeari dagokionean, boterea non nahi dagoen elementua dela azaldu du Arangurenek, harreman guztietan; “eta behar dugu elkarrekin aritzeko eta euskal herriaren burujabetza prozesuan indar kolektiboa eraikitzeko”.

Boteretze feministaren ezaugarriei heldu die Marta Luxanek: “Boteretze kolektiboa ez da norbanakoen boteretze gehiketaz hitz egitea, beste gauza bat da: desberdintasunak desberdinkeria ez bilakatzea da helburua, eta pribilegioei buruz hitz egin beharko dugu, eta batzuei uko egin”. Hain zuzen, Amaia Zufiak indargune bezala ulertzen du mugimendu feministan subjektu eraldatzaileok elkarren beharra dugula ulertu izana. Kritika ere egin dio: “Indarra bai, baina gihar gutxi ikusten dut mugimendu feministan”. Haren ustez, “sakrifizioaren paradigmara hedonismoaren paradigmara pasa gara; eta horrek epe luzerako konpromisoak asko zailtzen ditu”. Jendarte gero eta indibidualizatuagoan bizi garela ikusita, elementu negatibo moduan ikusi ordez, baldintza horiek nola probestu ikusi behar dela iritzi dio Sandra Barrenetxeak: “Indibidualizazioarekin apurtzen dira kategoria homogeneoak. Identitateen aniztasuna integratzen edo artikulatzen ikasten dugu; proiektu politikoa modu globalagoan definitzeko aukera ematen digu; eremu pertsonalak beste protagonismo bat hartzen du; erdigunean kokatzen dira bazterrean egon diren hainbat eztabaida”.

Egungo eredu politiko eta sozioekonomikoaren zilegitasunaren krisiaren aurrean, alternatibak feminista izan beharko du benetako alternatiba izateko, Izaskun Gartzia Bordagaraien arabera: “Ezker independentismoari begira, oinarrian feminismoa izan behar du, alternatiba diseinatzean. Emakumeentzako proposamen politiko konkretuak garatu beharko ditu”. Borroka armatuaren konponbidean ere jarri du arreta: “Errelatoaren eraikuntzan, balio bat eman behar zaio [feminismoari]. Gatazka honetan emakumeek pairatu ditugun biolentzia anitzak aitortu behar dira”.

Hark hitza hartu arte, topaketan aipatu gabeko kontzeptuari erreparatu dio Graça Samok: antikolonialismoa. Aniztasunean pentsatzean, ikusten ez dugun hortan ere pentsatu behar dela nabarmendu du: “Nola eraiki dezakegu prozesu bat, gure begirada, gure entzuteko gaitasuna, sentitzekoa, deskolonizatuko duena? Nortzu geratu dira hemendik kanpo?” azaldu du. Mundua transnazionala dela ikasi behar dugu, haren esanetan; eta sortu behar ditugu espazioak, ulertuz, asko kanpoan geratzen direla: “Behar bada, euren bizitza aldatuko duen mugimendu baten behar handiena dutenak”. Ildo horretatik, Ainhoa Narbaizak gure arteko harremanez hitz egiteko espazioak bideratu behar direla azpimarratu du; herri mugimenduetan ere, “botere harremanak errazago identifikatzen baititugu taldearen kanpoan, barruan baino”. Mabel Cañadak kritikatu du, kolektibo feministetatik presioa eragin nahi denean, bazterkeriaren bitartez egiten dela: “Eraiki dezagun botere bat ‘zerbaiten alde’; ez, ‘zerbaiten aurka’ aldarrikatu du”.

Euskal feminismoaren iruditegiari buruz aritu da Arantza Santesteban. Problematikoa da bei iruditegia ehuntzea, ‘gutasun’ bat definitu behar delako: “Nor gara gu? Euskaradunak bakarrik? Militante aktiboak bakarrik? Euskalduntasun jakin batean hezi garenak? Hemengoak? Nor gara gu, eta nortzu ez gara?” Etengabe aldatuko den, baina erro sendoa duen iruditegi bat aldarrikatu du: “Eta iruditegia ez dadila soilik errepresentazioarena izan, baizik eta presentzia. Dikotomiak, kolonialismoak gaindituz. Euskalduntasuna gure burua modu askatzailean pentsatzeko modua izan daiteke”.

Gorputza, pertsonen bizi prozesuak, kontutan hartuko duen militantzia eredua aldarrikatu du Edur Epeldek. Haren hitzetan, “zauri eta orban asko utzi dizkigute, urteetan, zapalkuntza guzti hauek. Arreta jarri eta erritmo propioen arabera, sendatzen hasteko garaia da”. Iratxe Retolazak, berriz, ezagutzaren erritmoei erreparatu die: ‘kultura adituaren ohiturak’ mugimendu feministan hartu duen indarra gaitzetsi du, adituarekiko sortzen diren miresmen harremanak ere badirelako botere harremanak, azaldu duenez: “Mugimendu feministan, funtsezkoa zaigu bestelako zirkuitoak eraiki eta ikusgarri egitea, pertsonak baino gehiago. Izen abizenen kultura sustatu da eta zaildu egin die mugimendu feministei ahotsa hartzea. Asko produzitzea ere sistema honen funtsezko logika da, baina ezagutzak, kolektiboek, beste erritmo bat behar dute”.

Riosby Fernándezek eta Silvia Rugamasek balioan jarri nahi izan dute emakume migratzaile izatea bera: “Betirako krisiaren alabak gara. Migratzeko erabakia indarrez eta ausardiaz vetea dago; emigratzea bera, feminista da”. Eta agenda feministan emakume migratuek burutzen dituzten zaintza lanek espazioa edukitzea aldarrikatu dute: “Etxeko langileak garen emakume migratuak gara garapen industrialaren giltzarria. Egungo legea sexista eta arrazista da, eta neoesklabutza egoerak ahalbidetzen ditu. Feminismoak bazterkeria ikusten jakin behar du”.

Azkenik, Saioa Iraola bilgunekideak egindako bidea aitortu, eskertu eta berretsi du. Bi erronka nagusi aipatu ditu: “Euskal Herriko burujabetza feminista zer den definitzeko elkarrizketa soziala bultzatzen jarraitu behar dugu. Feminismoak eragiteko gaitasuna lortu behar du, inzidentzia politikoa lortu behar du.” Herritar guztientzako bizitza duinak definitzea ere balioan jarri du: “Zer den zaintza, familia, elkarbizitza, elikadura osasuntsua, ongi bizitzea”, eta arreta jarri du gatazka armatuaren konponbidean: “Bakearen eraikuntza kolektiboan urrats garrantzitsuak emateko unean gaude, Euskal Herriko testuinguru politiko eta sozialarengatik. Bakearen inguruko eraikuntza, elkarrekin eraiki beharreko prozesua da. Gizarte zibilaren osaketa kolektiboki birdefinitu behar da. Preso, iheslari eta deportatuak itzultzea oinarrizkoa da”. Autodefentsa feministaren aldarria eginez, Euskal Herriaren burujabetza feministak erakundetze prozesu bat ere eskatzen duela azaldu du: “Aztertu behar da zer erakundetze prozesu dauden, ze proposamen defendatuko dugun. Erabakitzeko eskubidearen, bakegintzaren eta estatugintzaren arloan eragin behar dugu”.

Albistea hau Topatu.eus-ek argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]


Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-02 | Euskal Irratiak
Maialen Berra Zubieta: "Baionan ere queer mugimendua bada"

Bitxi Bitxi queer kolektiboa sortu dute hogei bat kidek berriki Baionan. Queer izatea, heteronormatibitatetik kanpo izatea da besteak beste. Baita genero ezberdinen adierazpena sustatzea ere.


Eguneraketa berriak daude