Donostiako Tabakaleran eginiko ekitaldian banatu dituzte kultura zientifikoa sustatzen duten sariak. Ane Portillo Blanco, Amaiur Esnaola Illarreta, Jon Villapun Arbide, Maider Ibáñez, Jon Goikouria, Fatima Villa González eta Arantzazu Luzarraga Iturrioz dira aurtengo beste sarituak.
Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak izan du lelotzat aurtengo sariketak. Aldarrikatu nahi izan dute erronka handiak dituela jendarteak aurretik –“klima larrialdia” eta “desberdintasun sozialak ezabatzea”, esaterako–, eta horiei aurre egiteko zientzia “ezinbesteko tresna” izango dela.
Sariak
CAF-Elhuyar sarien merezimendu saria Elhuyarren sortzaileek jaso dute, antolakundeak 50 urte betetzen dituen honetan. Omenaldia jaso dute ekitaldian bertan Iñaki Azkune Mendiak, Felix Azpiroz Arrillagak, Juanjo Gabiña Carrerak, Jesús Mari Goñi Zabalak, Andoni Sagarna Izagirrek, Mikel Zalbide Elustondok, Luis Mari Bandres Unanuek eta Kepa Zalbide Elustondok.
Ane Portillo Blancok dibulgazio-artikulu orokorraren saria jaso du, Emakumeen libidoaren heriotza: Epaiketa garaia artikuluarekin. Amaiur Esnaola Illarretari, bere aldetik, doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria eman diote Gaueko bake frenetikoan dantzan segi dezan idatziarengatik. Zientzia-kazetaritzaren saria Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak artikuluari eman dio epaimahaiak, Jon Villapun Arbide, Jon Goikouria Larrabeiti eta Maider Ibáñez Espinosak sinatutakoa. Lehen sektoreari loturiko gaiak saritzen dituen Neiker saria Fatima Villa Gonzálezen Zer diotso sagarrak jogurtari? lanak eskuratu du. Sarituek 2.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabal artistaren eskultura bana jaso dute.
Azkenik, “zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana” egingo duten proiektuak bultzatzeko urtero banatzen den 5.000 euroko diru-laguntza Arantzazu Luzarraga Iturriozek eskuratu du, Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean proiektuarentzako.