argia.eus
INPRIMATU
50 lagun itsasotik erreskatatu dituen barkua konfiskatzeko agindu du Italiako Gobernuak
  • Mare Jonio barkua konfiskatzeko agindu du Italiako Gobernuak, itsasontzi horrek astelehen honetan 50 lagun erreskatatu ondoren. Italiako bandera dauka barkuak eta Mediterranea Saving Humans proiektuko partaidea da.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 20a
Mare Jonio itsasontzia konfiskatzeko agindu du Salvini buru duen Italiako Barne ministerioak.

Matteo Salvini ultraeskuindarrak gidatzen duen Italiako Barne Ministerioko iturrien arabera, Guardia Di Finanzak (mugak zelatatzeaz arduratzen den polizia) konfiskatu du ontzia eta Lampedusako portu batera eraman du. Iturri berdinek aurreratu dutenez, “datozen orduetan galdeketak hasiko dira Mare Jonio ontziaren tripulazioko kideen aurka”, Mediterranea Saving Humans proiektuaren barruan, barku horrek astelehenean 50 etorkin erreskatatu ostean.

Salvinik Skytg24 telebista kateari esan dionez, etorkinek ez dute “Italian oinik jarriko”. Kontua da, aurreko kasuetan ez bezala, ontziak Italiako bandera daramala oraingoan eta, beraz, Salvinik ezin izan du beste herrialde batzuen erantzukizuna eskatu pertsona horiek birkokatzeko eta herrialdeko portu batera sartzeko baimena eman behar izan du.

Mediterraneoan dagoen zaintza-proiektu honen ontziak 50 pertsona erreskatatu behar izan ditu, tartean 12 adingabe, Libiako kostaldetik 42 miliara.

GKEak azaldu duenez, 50 lagun horiek barku barruan itsaso zabalean egon ziren bi egunez, eta osasun baldintza nahiko egonkorrak eduki ahal izan zituzten arren, oso nekatuta zeuden eta deshidratazio arazoak zituzten.

Sizilian, Agrigentoko Fiskaltzak ikerketa abiatu du erreskate barkuaren aurka, legez kanpoko immigrazioa bultzatzea leporatuta, baina oraingoz ez da inoren kontra zuzendu, Italiako hedabideek jakitera eman dutenez.

Hamar hildako naufragio batean

Bestalde, Libiako Ilargi Gorriak astearte honetan jakinarazi duenez, gutxienez hamar pertsona hil dira, tartean haurdun dagoen emakume bat, Libiako kostaldetik abiatu eta Europako hondartzetara iritsi nahi zutenean.

Iturri berdinen arabera, Libiako Sabratha hiriaren aurrean hondoratu da haien barkua oraindik ezezagunak diren arrazoiengatik. Beste 17 lagun erreskatatu dituzte.