argia.eus
INPRIMATU
50 maliar inguru ari dira kale egoeran bizitzen Gasteizen asilo eskaera ebazten duten bitartean
  • Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Jon Fernández González 2025eko abuztuaren 14a
50 maliar inguru daude kale egoeran Gasteizen. Orain.eus

50 asilo eskatzaile inguru ari dira duela bi aste Gasteizko kaleetan bizitzen, beren asilo eskaera tramitatzeko zain dauden bitartean. Donostian duela gutxira arte ikusitako egoera errepikatzen ari da Arabako hiriburuan ere. Dagoeneko hasiak dira asilo eskaera tramitatzeko txandak eskatzen, eta lehen bederatziek jaso dute eguna: irailaren 2an izango dute txanda. Hemendik aurrera, egunean zazpiri emango diete txanda.

Arabako bolikostar elkarteak tramiteekin laguntza eskaini die, baina ohartarazi dute migratzaileak laguntzen dituzten elkarteak lanez gainezka daudela; hori horrela, bitartean ostatzeko lekua aurkitzea eskatu diote Espainiako Gobernuari. Espainiako Gobernuko ordezkaritzak EAEn azaldu du lan egiten ari direla prozesua arintzeko, baina epeak luzatzen direla, eta abuztua izateak are gehiago zailtzen duela egoera.

Eusko Jaurlaritzak eskatu du inguruko autonomia erkidegoetako plaza libreak dituzten zentroetara mugitzea migratzaileak, Espainiako Gobernuari egin diote eskaera autonomia erkidegoek ez dauzkatelako eskumenak gai horretan.