Altsasuko gazteen auziak izan duen “presio mediatiko eta politikoak gertaerekiko neurriz gaindiko zigorrak” eragin dituela salatu eta “auzipetu guztiak askatzeko” eskatu dute Nafarroako 50 eragilek. Bat egin dute larunbatean Iruñean egingo den manifestazioarekin.
Eragileek aurkeztu duten agirian, auzia terrorismo delitutzat epaitzeak “muturreko egoera sorrarazi” duela kritikatu dute, gertaerak Iruñean epaitu behar izan zituztela azpimarratuz, ez Auzitegi Nazionalean. Auzipetuei prebentzio kartzelaldia ezartzea ere deitoratu dute: “Uste dugu ez dagoela horretarako arrazoi legalik, eta horregatik auzipetu guztiak askatzeko eskatzen dugu”. Finean, “Estatu demokratikoa gidatu behar duten oinarrizko eskubideen defentsatik ez dugu epai hori onartzen, epaiketa osoan eman den proportzio faltagatik”.
Manifestazioa eta agiria babestu duten eragileen artean daude Iruñeko Peñen Federazioa, Sasoia, Nafarroako Gazte Kontseilua, Etxerat, Sare, Salhaketa, Ahaztuak, ELA, LAB, EHNE, STEILAS, CGT, Parlamentu Soziala, Kontuz, Attac, Aranzadi, Orain Mugituz, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezkerra, Orain Mugituz, Martes Al Sol, Mugarik Gabe, Amapola del Camino, San Fermin 78, Iruñerriko Bilgune Feminista, Zabaldi, Herri Eliza, AHT Gelditu, Sodepaz, SOS Arrazakeria, Aroa Jubilatuak, Haizea Kultur Elkartea…
Ekainaren 16an, 17:00etan abiatuko da manifestazioa, Iruñeko Sadar futbol zelaitik, Altsasuko zortzi auzipetuentzat justizia aldarrikatzeko.