argia.eus
INPRIMATU
5 urteko errefuxiatu baten heriotzak haserrea eragin du Grezian
  • Kamioi batek harrapatuta hil da 5 urteko umea Moriako (Lesbos, Grezia) errefuxiatu kanpalekuaren inguruan. Abuztuaren 24an ere beste gazte errefuxiatu bat hil zen liskar baten ostean. Hainbat gobernuz kanpoko erakundek Moriako kanpalekuko egoera salatu eta ixteko eskatu dute.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 25a
Greziako errefuxiatu kanpalekua. Artxiboko irudia.

Asteartean kartoi batzuen azpian lotan ari zela, kamioi bat gainetik pasa zitzaion haur afganiarrari. Hainbat GKEk salatu dutenez, Moriako baldintzak muturrekoak dira. Errefuxiatuek ezin dute baldintza duinetan bizi, eta tentsioak ezegonkortasun handia izatea eragiten du.

Kamioiaren gidaria atxilotu egin dute kasua ikertzen ari diren bitartean. Lekukoen arabera, umearen familiak ere kartoietan egiten du lo, eta Morian ohikoa dela baieztatu dute.

Gainezka daude kanpalekuak

UNICEFek Moriako errefuxiatuek bizi dituzten baldintza penagarriak salatu ditu, eta hainbat datu zabaldu ditu egoerari neurria hartzeko: 8.700 pertsona bizi dira bertan (horietako 3.000 umeak dira), nahiz eta 3.000 pertsonentzako lekua izan.

Lesboseko GKEetako langileen asanbladaren ustetan, heriotza hauek “Europar Batasunaren eta Greziaren erantzukizuna” dira, ez beste inorenak: “Europaren gerraren ideologiak mugatzen ditu Greziaren politika estatalak. Kartzela, biolentzia eta heriotza dituzte irtenbide”.