Carolina Darias Espainiako Osasun ministroa elkarrizketatu dute Ser irratian. Adierazi duenez, 5-11 urte bitartekoentzako Europako Medikamentuen Agentziak argi berdea eman dion Pfizerren txertoak abenduaren bigarren hamabostaldian jasoko ditu Espainiako Gobernuak.
"Ez dakigu zenbat iritsiko diren, eta ea denak batera jasoko ditugun edo pixkanaka" esan du Dariasek. Txerto honi buruz zera adierazi du: "Txerto hau ez da helduen bera. Ez du disoluziorik behar. Bi dosi hartu behar dira, helduek bezala, baina kantitate txikiagoan".
Dagoeneko txertoak noiz jasoko dituzten adierazi badu ere, berau ematea onartzeko prozedura hau izango dela azaldu du: "Txertoen ponentziak, autonomia erkidegoetako eta Espainiako Osasun saileko txertaketako adituek osatzen dutena, proposamen bat egingo digu txerto pediatriko hori emateko aukeraz. Ondoren Osasun Publikoko Komisioak aztertuko du".