Elikagai enpresa baten aldamenean gertatu da lan istripua, astelehen goizean. Dagoeneko, 2024 urte osoan baino langile gehiago hil dira 2025 honetan.
Abartzuzako (Nafarroa) elikagai enpresa baten inguruetan, landa-bide batean, kamioi batek 49 urteko langilea harrapatu du astelehen goizean. Nafarroako Foruzaingoak jakitera eman duenez, goizeko 8:30ean jaso dute larrialdi-deia, eta osasun-zerbitzuek ezin izan dute ezertxo ere egin.
LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, Nafarroan urte honetan hil den 22. langilea. Aurten, Euskal Herrian, 65 behargin zendu dira beharrean ari zirela. Iaz, urte osoan, 64 izan ziren.