argia.eus
INPRIMATU
42 hildako: Frantziako Estatuko trafiko istripu larrienetakoa Bordeletik gertu
  • Ezbeharra goizeko 7:30ean gertatu da Bordeletik 40 kilometrora dagoen Libourne hiritik gertu. Autobusak kamioi astun baten kontra jo du. Autobusean 49 pertsona zihoazen. 1982tik hona Frantziako Estatuan izandako istripu larriena da.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 23a
Istripua Puissegin eta Saint-Genès de Castillon herrien arteko errepidean dagoen biraketa arriskutsu batean gertatu da.

Istripua Puissegin eta Saint-Genès de Castillon herrien arteko errepidean gertatu da. Ustez Puissegin herrian dagoen biraketa arriskutsu batean kamioia bere ibilbidetik desbideratu da eta autobusak jo egin du. Puissegineko auzapezaren esanetan, kamioia iritsi zen lehenengo eta segituan ohartu zen ezin zuela autobusa saihestu. Errepidea estua da istripua gertatu den tokian eta ezbehar ugari izaten dira bertan.

Pierre Dartout Girondinseko prefetak goizeko hamarrak aldera baieztatu du 42 pertsona hil direla (autobuseko 41 bidaiari eta kamioiko gidaria). Zortzi zaurituta daude (bi larri, bi buruko traumatismoekin eta lau arin). Autobusean zihoazenak adineko pertsonak dira, hirugarren adineko elkarte bateko kideak.

Prefetak ikerketa abiatu dutela adierazi du, eta bi ibilgailuek su hartu dutela baieztatu du. Laguntza psikologikoa eskaintzeko postu bat ezarri dute gertuko eskola batean eta familiakoekin kontaktuan jarri dira. François Hollande Frantziako presidenteak adierazi du estatuak dituen “medio guztiak” mobilizatu dituela.