argia.eus
INPRIMATU
414,6 milioiko zerga iruzurra atzeman dute Gipuzkoan, inoizko handiena
  • Gipuzkoako Ogasunak 414,16 milioi euroko zerga iruzurra atzeman du 2014. urtean. Lurralde horretan orain arte azaleratutako zerga iruzurrik handiena da hori, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, 2013an baino %5,3 handiagoa.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko martxoaren 11

Teknikarien ustez zor guztiaren %70 inguru berreskuratu daiteke. 2011 eta 2014 urteen artean 1.523,7 milioi euroko zerga iruzurra aurkitu dute Gipuzkoan.

Aurkitutako zorraren %41,6a sozietateen zergan topatu dute, 171,1 milioi, alegia. Errentaren eta aberastasunaren gaineko zergan, berriz, ordaindu gabeko %7,5 gehiago aurkitu dute aurten, 112,2 milioi euro guztira. Eta BEZean aurkitutako iruzurra 114,1 milioikoa izan da, iaz baino %4,3 gutxiago.

Helena Franco Ogasun diputatuak eta Xabier Olano Ogasun zuzendariak jakinarazi dituzte 2014ko zerga iruzurraren xehetasunak. 2014. urtean iruzurraren inguruko 93.897 ekinbide egin dituzte Gipuzkoan, joan den urtean baino %11 gutxiago. Olanoren ustez “arrain handiagoen bila” joan direlako izan da ekinbideen jaitsiera hori eta atzemandako iruzurraren igoera.

Falcianiren zerrendari esker 7,5 milioi

Franco diputatuak eman ditu Falcianiren zerrendaren ondorioz Gipuzkoan aurkitutako zorraren datuak. HSBC bankuan kontuak zituztenen ondorioz 7,5 milioi berreskuratu ditu Gipuzkoako Ogasunak 2012ra arte. Informazioa 2010ean helarazi zion Espainiako Ogasunak Gipuzkoakoari eta 2012an amaitu zen honen inguruko ikuskaritza. Denera 68 gipuzkoarren izenak eman zituen Espainiako Ogasunak.