4.000 gazte donostiar baino gehiago Gipuzkoako beste herrietara joan dira bizitzera 2010eko hamarkadan
Gutxienez 3.375 gazte joan dira Donostiatik Buruntzaldeako eta Oarsoaldeko herrietara bizitzera 2010etik 2020ra, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako eta Bizilagunekin plataformak jasotako datuen arabera.
Gazteen galera agerikoa da; oso udalerri gutxik irabazi du Gipuzkoako barne-mugimenduen ondoriozko populazio gaztea.
Gipuzkoa barruan bakarrik mugitzen diren gazteen mugikortasuna aztertuta, oso argi bereizten da zein eremuk bereganatu dituzten gazteak eta zeinek galdu. Donostiak, esaterako, 564 gazte galdu ditu Gipuzkoako udalerriekin izan duen hartu-emanean, eta ondorioz, Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko udalerriek bereganatu dituzte gazte horiek. Foru Aldundiaren txostenak argi adierazten du, hiriburuaren metropoli eremua nabarmen hazi dela joan den hamarkadan.
Donostiako lau mila gazte gehiagok egin dute alde inguruko herrietara 2010etik 2020ra; horietatik 3.375 Buruntzaldeara eta Oarsoaldera joan dira.
Buruntzaldearekin harremanean, saldoan, esaterako, Donostiak 457 gazte galdu ditu: 1.474 gazte joan dira Donostiatik bertara bizitzera, eta handik 1.017 jaso ditu. Xeheago: Astigarragak 230 gazteko saldo positiboa dauka, eta Hernanik 172 gazte irabazi ditu. Daturik argigarriena Astigarragakoa da; izan ere, irabazi dituen gazteen erdia baino gehiago zuzenean Donostiatik joan dira.
Oarsoaldearekin izandako fluxuan, berriz, Donostiak 408 gazte galdu ditu: erroldako bajak 1.901 izan dira eta altak 1.493. Pasaiak eraman ditu gehienak (218), eta Bidasoaldera begiratuta, Irunek eraman ditu 187. Argigarria den beste datu bat ere: Donostiak inguruan dituen herri guztiekiko saldo negatiboa badu ere, bada salbuespen bat; Hondarribia.
Eskualdeetan ere, mugimendua
Gainerako eskualdeetan ere joera argia izan da: eskualdean indarra duten hainbat udalerrik gazteak galdu dituzte tamaina txikiagoko udalerrien mesedetan, esaterako, Azkoitia (-49), Azpeitia (-44), Arrasate (-132), Beasain (-142) edota Zarautzek (-131). Aldiz, tamaina esanguratsuko beste udalerri batzuek, ordea, inguruko udalerri are txikiagoetako gazteak jaso dituzte; hala nola Lazkaok (+117), Tolosak (+21), Mutrikuk, Oñatik edota Zestoak.
Hona hemen barne migrazio fluxuaren saldoa:
Gero eta berdeago, esan nahi du, populazio gaztea irabazi duela; aldiz, zenbat eta gertuago egon gorri koloretik, orduan eta gehiago galdu duela adierazten da. (Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia)
Eskualde bakoitzetik, edo hiriburutik, fluxua norantz bideratu den. "Eskualde helburua" ezkerrean, "eskualde jatorria" behean. Argi ikusten da Buruntzaldeak eta Oarsoaldeak (berde kolore nabarmena dagoelako) irabazi duela Donostiaren aldean. Horrez gain, seinalea ere badago, Donostiatik Urola Kostara egin dutela beste zenbaitzuk. Ondoren legoke Goierri. (Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia)