Hondarribiko Alardean emakumeek gizonen baldintza berdinetan parte har dezaketen konpainia bakarrak, Jaizkibelek, plastiko beltzen artean desfilatu du aurten ere herriko alde zaharrean.
Garikoitz Lekuona konpainiako kideak Kale Nagusian gora abiatu aurretik adierazi duenaren arabera, ia 400 lagunek osatu dute aurten Jaizkibel. Arantxa Iraola Berriako kazetariak jaso ditu haren adierazpenak: “Astelehen batean hori izugarria da”, Lekuonaren ustez.
Kale Nagusian, alarde baztertzailearen aldekoek plastiko beltzen atzetik oihuka hartu dituzte. Desfilatzen ari ziren lagunei ez ezik, festetako ekitaldia nagusiari buruz informatzen ari ziren kazetariei ere irain egin diete zenbaitzuek.
Emakumeen parte-hartzearen aldekoek berriz, txalo egin dute Jaizkibelek Arma Plazaraino egin duen ibilaldian.
Udalaren eta Jaurlaritzaren babesik gabe
Hondarribiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren sostengurik gabe desfilatu du Jaizkibelek. Gipuzkoako Batzar Nagusietako jarduneko presidente Eider Mendozak (EAJ) ere ez dio babesik agertu emakumeek parte har dezaketen Alardeari –EH Bilduk joan zedin eskatu zion–. Jarrera horrek polemika eragin du sare sozialetan.
Aitor Kerejeta Hondarribiko alkateak (EAJ), emakumea kantinera izatera mugatzen duen alardearen alde kokatu du bere burua festaren aurreko egunetan, Twitterren egindako iruzkin batean "gure kantinerak" espresioa erabilita.
Hona hemen gure kantinerak. #hondarribikojaiak pic.twitter.com/lqf4Pw3jlN
— Aitor kerejeta (@kerejeta_aitor) September 6, 2014
Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean Martin Garitano Hondarribian izan da. Arartekoak eta Emakundek ere babesa adierazi diote Jaizkibeli.
Informazio gehiago:
Hondarribiko Alarde parekideari buruzko informazio guztia Twitterreko #AlardeParekidea etiketan: