argia.eus
INPRIMATU
Monbarreko atentatuaren urteurrena
GALen biktimen aitortza du helburu ‘40 urtez oroituz’ ekimenak
  • GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatuaren urteurrenaren datatik gertu antolatu dute ekimena dozenaka herritarrek. Helburua "egia aldarrikatu, memoria landu eta GALen gerra zikinaren biktimak aitortzea" da, eta irailerako egitaraua aurkeztu dute.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 03a
Ekitaldia egin den Baionako plaza. Collectif Place PATXA Plaza Kolektiboa

Popo, Joxi, Joxean eta Jon militanteen muralaren aurrean aurkeztu du "40 urtez oroituz" ekimenak irailerako antolatu duen egitaraua. GALen gerra zikinak utzitako ondorioen aurrean "egia, memoria eta aitortza" lortzea helburu dute. Antolatzaileen artean GALen biolentzia eta atentatuen lekuko izan diren hainbat militante eta auzokide daude. Ekimenak Monbar hoteleko atentatua gogorarazi nahi duen arren, 1983tik 1987ra Ipar Euskal Herriak pairatutako gerra zikinaren ondorioak ere salatu nahi ditu: "Gure lurraldean izan ziren gertakari larri horiek guztiak oroitu nahi ditugu, bereziki bortizkeria hori jasan zuten biktima guztiak, eta zehazkiago, erailak izan ziren 27 pertsonak eta horien senideak".

Bultzatzaileek gogorarazi dute GAL Espainiako Gobernuak antolatu zuela, eta auzitegiek egiaztatu arren, egia osoaren bidean hainbat urrats eman behar direla nabarmendu dute: "Egia zor zaie, bereziki biktimei, eta oraingo jendarteak Frantziako Estatuak izan duen rola ezagutzea merezi du". Memoria historikoari begira, honakoa gehitu dute: "Batzuek gertakari ilun horiek ahanzturan gelditzea nahi lukete. Horrela, gatazka politikoan Espainiako eta Frantziako Estatuek erabilitako bortizkeria estaliko litzateke, eta gatazka bera desitxuratu".

Hego Euskal Herrian aitortzari dagokionez hainbat urrats eman direla azaldu dute ekitaldian, baina salatu dute Ipar Euskal Herrian GALen biktimek ez dutela tratamendu hori jaso. Ipar Euskal Herrian behar diren tresna instituzionalik ez daudenez, haienak bezalako ekimenek egoerari bultzada eman diezaioketela adierazi dute.

Monbar hotelaren atentatua eta egitaraua

GALek 1985eko irailaren 25ean egindako atentatuaren helburua zen hotel horretan zeuden ETAko lau kide erailtzea. Lau kideak hil zituzten eta ETArekin harremanik ez zeukan bosgarren bat zauritu zuten. Ondoren, GALek erreibindikatu zuen atentatua, eta ETAk konfirmatu zuen hildakoak bere kideak zirela. GALek egindako atentatu odoltsuena izan zen.

Hildakoen omenezko egitarauari hasiera emango diote irailaren 19an, Baionako Biltxoko elkartean antolatu duten hitzaldian. Urteurrenaren egunean, irailaren 25ean, bi jarduera antolatu dituzte: batetik, “Memoriaren ibilaldia” 17:30ean abiatuko da Réduit plazatik, Dominika Daguerre eta Jakes Bortayrouk GALen atentatuen ibilbidea azalduko dute, garaiko argazkien laguntzarekin. Bestetik, 19:00etan, Monbar hotelean ekitaldi nagusia antolatu dute.