argia.eus
INPRIMATU
40 urteko “inpunitatearen” kontrako jardunaldiak
  • Martxoaren 3ko gertakarien 40. urtemugan, "Egia, Justizia eta Erreparazioa" nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzte datorren otsailaren 29 eta martxoaren 1erako.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2016ko otsailaren 23a
Jardunaldiak aurkezteko Artium museoan egindako agerraldia.

"40 urte pasa dira eta Justizia eskatzen jarraitzen dugu", adierazi du Martxoak 3 elkarteko eledun Andoni Txaskok Gasteizko Artium museoan egindako agerraldian, jardunaldiok ospatuko diren lekuan hain zuzen. Justizia eskatzeko jarritako "oztopo" guztien aurrean eta Espainiaren "zigorgabetasunaren" aurrean, jardunaldi hauek beharrezkoak direla aipatu du biktimen elkarteko kideak. "Espainiako Estatuan memoria historikoa nola lantzen ari diren sakon ezagutuko dugu, biktimeei nolako tratamendua ematen zaien, eta beste herrialdeetan memoria historikoa nola jorratzen ari diren ezagutuko dugu".

Hala, besteak beste, Manuel Blanco Chivite militante antifrankista, Ricard Vinyes Bartzelonako unibertsitateko katedraduna, Agurtzane Juanena Aitzol Ariztimuñoren senidea –1936an fusilatutako apaiza–, edota John Wray Irlandako Bloody Sunday-ko biktima baten anaia izango dira hauetan. Erreparazio politikoei buruzko ikuspuntu desberdinak batzeko alderdi politiko guztietako ordezkariek ere parte hartuko dute mahai-inguru batean. 

"Zirrikitu bat" Europako Parlamentuan 

EHBildu eta EAJren eskutik salaketa bat aurkeztu zuen Martxoak 3 elkarteak Europako Parlamentuan eta tramitera onartu dutela jakinarazi du Txaskok. "Hau da hartu genuen azken neurria, Espainiako estatuaren erabateko babesgabetasun eta inpunitatearen aurrean", azaldu du.

"Ustezko erantzuleen izenak ezagunak dira eta kausak irekita daude, berme guztiekin egoera honekin amaitzeko; lanean jarraituko dugu egia, justizia eta biktimei eman beharreko ordaina sustatzeko", adierazi du Izaskun Bilbao EAJko legebiltzarkideak. Ildo beretik, Josu Juaristi EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du pauso garrantzitsua izan dela: "Europako Parlamentuko agendan jartzea ez da gutxi, horrek kontzientziak astindu eta mugiarazten dituelako".

[Albiste hau Arabako Alea-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra]