Osasunaren Munduko Erakundeak suizidioaren inguruko txostena plazaratu du, “denbora luzez tabu izan den gaiaren inguruan arreta deitu asmoz”. Ohartarazi du urtean 800.000 lagunek egiten dutela beren buruaz beste munduan, hau da, suizidio bat jazotzen da 40 segundoro.
Irailaren 10eko Suizidioaren Prebentzioaren Nazioarteko Eguna baino hamar egun lehenago atera ditu argitara datuak OMEk. Erakundeko zuzendari Margaret Chanek adierazi duenez, “informearen helburua osasun publikoak duen arazo handi baten gainean arreta deitzea da, denbora luzez tabu izan baita".
Herrialde aberats eta pobreen artean dauden aldeak nabarmendu ditu txostenak. Suizidioen %75 diru sarrera ertain edo baxuak dituzten herrialdeetan jazotzen dira. Gehienak 70 urte baino gehiagokoen artean izan arren, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen heriotzen bigarren kausa bilakatu dela azpimarratu du OMEk.
Bestalde, orokorrean suizidio-tasa gizonezkoetan emakumezkoetan baino altuagoa da, bereziki 50 urte baino gehiago dituztenen artean. Emakumeetan, 70 urte beteta dituztenen artean ohikoagoa da 15 eta 29 urte bitarteko emakumeetan baino.
Prebentzioa eta hedabideen jarrera
OMEk beharrezkotzat jo du munduko herrialdeek suizidioa saihesteko neurriak txertatuta izatea eta azaldu du egun munduko 28 herrialdek baino ez dutela hori egiten. Halaber, beren buruaz beste egiten saiatu direnen beharrei erantzutea ezinbestekoa dela azpimarratu du..
Hedabideei ere, arduraz informatzeko mezua helarazi die erakundeak, “sentsazionalismo eta erabilitako metodoen deskripzio esplizitu gabe”. Horren harira, buruaz beste egiteko erabilienak diren substantzia eta materialen eskuragarritasuna mugatzea eskatu du OMEk.
Asia hego-ekialdea eta Europa, munduko batez bestekoaren gainetik
Munduko suizidioen batez bestekoa 1.000 biztanleko 11,4 da, baina Asia hego-ekialdeko eta Europako suizidio-tasak altuagoak dira.
Asia hego-ekialdean, India da suizidio-tasarik altuena duen herrialdea. Europako sei estatu, aldiz, munduko suizidio tasa altuena duten 20 herrialdeen artean daude eta 15-29 urte arteko Europako gazteen heriotzaren lehen kausa da.