argia.eus
INPRIMATU
37,5 orduko lan astea atzera bota dute Espainiako Kongresuan PP, Vox eta Juntsek
  • Espainiako Gobernuak aurkeztutako lege-propoposamenak ez du aurrera egin, Juntsekin izandako negoziazioen porrotaren ondoren. "Langileei masailekoa eman die eskuinak", esan du Yolanda Díaz Lan ministroak.

ARGIA @argia 2025eko irailaren 11
Miriam Nogueras, Juntseko bozeramailea Espainiako Kongresuan. Espainiako Kongresua

Asteazken gauean bozkatu dute Espainiako Kongresuan lan astea 40 ordutik 37,5era pasatzeko ekimen parlamentarioa, eta aurreikusi bezala, atzera bota dute, PP, Vox eta Junts per Catalunyaren botoen ondorioz. Alderdi horiek osoko zuzenketak jarri dizkiote lege-proposamenari eta horiek gailendu dira azkenean –UPNek ere babestu ditu–: 178 boto 170en kontra. Ez da abstentziorik izan eta gainerako alderdiek proposamena babestu dute, baita EAJk eta EH Bilduk ere.

Yolanda Díaz Espainiako Lan ministroa oso zorrotz azaldu da Junts alderdiarekin, bere esanetan "hiru eskuinek" bota dute atzera proposamena, baina "eztabaida kalean irabazita" dagoela ohartarazi du.

Espainiako Gobernuaren asmoa bozketa uztailean egitea zen, baina azkenean atzeratu egin zuten, Juntsek jarritako erreparoengatik. Díazek azaldu duenez, neurri asko zituen dokumentu bat izan dute mahai gainean, baina "Puigdemontek zakarretara bota du". ERCk ere gogor kritikatu du alderdi katalana, bere esanetan "espainiar patronal handia" ordezkatzen ari delako.

Juntsen bozeramaile Miriam Noguerasek TVErekin egindako elkarrizketa batean esan du ez daudela lan astea murriztearen kontra, baina "ez horrela".

Hemizikloan eztabaida zegoen bitartean, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzeak deitu zituzten hainbat hiritan, baita Bilbon ere, Confebask elkartearen egoitzaren aurrean.