2011z geroztik, urtean 60.000 etxegabetze burutzen dira batez beste Espainiako Estatuan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak emandako datuen arabera. Tartean sartzen dira ez soilik etxebizitzak, baita bestelako espazio, pabilioi edota bulegoak ere.
Etxegabetze gehien 2012an burutu zen: 70.257. 2016an 63.037 egin ziren, aurreko urtean baino %6,4 gutxiago, La Vanguardia egunkariak nabarmendu duenez.
Etxegabetze guztien artean, %54,2 burutzen da Hiri Errentamenduen Legea (HEL) medio, %41,9 hipoteka exekutatzeko prozesuen ostean, eta gainerakoak beste arrazoi batzuengatik.
Autonomia erkidegoen artean, Katalunia da nagusi etxegabetze kopuruari dagokionez (14.069, %22). HEL bidezko etxegabetze gehienak Katalunian burutu dira (8.971), eta hipoteka exekuzioen osteko gehienak Valentzian (5.398).
Hipoteka exekutatzeko prozesuak: oro har beherantz, EAEn gorantz
Espainiako Estatuan, oro har, hipoteka exekutatzeko prozesu kopuruak beherantz egin du %29 inguru. Azken datu ofiziala 48.410 prozesukoa da. Nafarroan exekuzio kopurua %38,8 murriztu bada, EAEn %5,6 egin du gora. Soilik bertan eta Errioxan (%9) hazi da kopurua.