35.000 lagun Munduko Foro Sozialean, globalizazio kapitalistari alternatibak marrazten

  • MFSaren hamabigarren edizioaren balorapen baikorra egin dute antolatzaileek, ehun ekimenez gorako ekintza plangintza adostu dutela zehaztuz. Hegoko herrien ahotsa ez da ordea espero zuten bezainbat entzun; Kanadak bisa-eskaerak ukaturik, parte hartzaileen %60k baino gehiagok ezin izan du bertaratu.


2016ko abuztuaren 16an - 14:12
Milaka lagunek izan dira Munduko Foro Sozialean, Kanadak parte hartzaile batzuei bisa-eskaerak ukatu arren.

“Beste mundu bat beharrezkoa dugu, elkartuta egingarri bihurtzen da” lemapean, 35.000 lagun batu ziren Montrealen (Quebec) iragan astean, Munduko Foro Sozialaren (MFS) kari. Hamabigarren edizio hori jendetsua izanik ere, anitz gelditu ziren Kanadara sartu ezinean. Hain zuzen, %60tik gora parte hartzaileri bisa-eskaera ukatu zien Kanadako Immigrazio zerbitzuak. Palestinakoak, Afrikakoak eta Latino Amerikakoak izanki gehienak. Mugen heste politika hori gaitzesteko kanpaina abiatuko du ondoko egunetan Munduko Foro Sozialaren nazioarteko komiteak : “MFSan gertatutakoa eguneroko errealitatearen isla da; argi uzten du zer aberastasun handia uzten duten mugaren beste aldean”, ohartarazi zuen ekimenaren ko-koordinatzaile Carminda Mac-Laurinak, foroaren balorapena egiteko orduan.

Bertan egon ahal izan zutenek gogoetatzen, eztabaidatzen eta alternatibak marrazten pasa zuten aste guztia. Bertako autoktonoen ordezkariek egin zieten ongi etorri beroa: “Ongi etorri Lehen Nazioen lurraldera. Ongi etorri duela 500 urte kolonizaturiko lurralde honetara. Ongi etorri guztiena izan behar lukeen lurralde honetara”. MFSan jorraturiko gaiak anitzak izan ziren: militarizazioa, errefuxiatuen harrera, zerbitzu publikoak, hezkuntza eskubidea, feminismoa, justizia klimatikoa, zerga paradisuak, demokraziaren defentsa, ekonomia alternatiboa, autoktonoen borrokak, desberdintasun sozio-ekonomikoak, Amalurraren defentsa, eta abar. “Borroka ezberdinen arteko bateratzeak egiteko unea izan da;  azkenean, justizia klimatikoa, ezberdintasun sozialak eta zerga paradisuen arazoak elkar juntatuak direlako”, Mac-Laurinaren hitzetan.

Ehun bat ekimen adosturik.

Lan talde ezberdinek finkatu ekintzak bildurik, ekimenen agenda marrazten dabil orain MFSren nazioarteko komitea. Ondoko egunetan jarriko dute plangintza haien webgunean. Ehun ekimenez gora dituzte finkaturik. Besteak beste, urriaren 12tik 16ra Monsanto multinazionalaren aurkako auzia burutuko dute Hagan ; Marrakexen burutuko den Cop22 gailurraren kari ere mobilizazio azkarra aurreikusten dute azarorako; merkataritza askeen aldeko akordioen aurka ere batuko dira ondoko hilabeteetan; eta abar.

Edizio honen balorapen baikorrean sartzen dute topaketa lehen aldikoz Iparreko herri batean egin izana. Hautu horrek eztabaida sortu zuen, globalizazioaren kapitalistaren ikur delako Iparra, eta batez ere, Hegoko herriei zor zaielako altermundializazioa eraikitzeko espazioa. Hautuaz damutzen ez direla argi utzi zuten antolatzaileek: “Herriak eta bertako herritarrak ezberdindu behar dira. Gainera, kapitalismo basatiaren edota arrazismoaren ondorioak bizi ditugu hemen ere, horiek argiratzeko balio izan du.  Iparra-Hegoa bereizketa hausteko ere balio ukan du. Beste mundu hori eraikitzeko Hegokoak behar ditugu Iparrean”, Raphael Canet ko-koordinatzaileak zioenez. Alde ezkorraren alde baikorrari so eginez gero, mugen hestearen errealitate krudela plazaratzeko eta herritarrak horretaz kontzientziarazteko balio izan duela gaineratu zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Altermundialismoa
Hirigintza-antolaketan bizikleta bideak sartzeko kanpaina abiatu du Bizi-k

Frantziako Ingurumen Kodearen L228-2 artikuluak dio hiribideen berritze orok bizikletaz ibiltzeko antolaketak barnebildu behar dituela. Betebehar hori betetzen ez duten Herriko Etxeak identifikatzeko deia luzatu die Bizi talde ekologistak herritarrei.


2023-10-25 | ARGIA
Pello Zubiriaren ‘Planeta Prekarioan’ liburua argitaratu du ARGIAk, XXI. mendeko krisi eta erresistentzien kronikak

Gaur egungo eta etorkizuneko mundua ulertzeko gakoak eskaintzen dituen ezinbesteko liburua kaleratu du ARGIAk, Pello Zubiria Kamino kazetariaren eskutik. Aldizkariaren Net Hurbil sailean hogei urtez egindako artikulu mamitsuetatik abiatuta, munduko bazter askotako krisi eta... [+]


2023-10-10 | Euskal Irratiak
Euskal Herria Burujabe ekitaldian maila lokalean eragiteko deia luzatu du Bizik

Metamorfosia ekologiko eta soziala bultzatzen duten alternatiben erakusleiho bat Baionan. Euskal Herria "burujabe, solidario eta iraunkorraren" aldeko ekimena ospatu du Bizi mugimendu ekologistak asteburuan, Lapurdiko hiriburuan. Parte hartze kopuruak antolatzaileek... [+]


Klima larrialdiari aurre egiteko alternatiben eta gogoeten topaleku izanen da Baiona asteburuan

Euskal Herria Burujabe "festa herrikoi eta ekintzailea" antolatzen ibili da Bizi! mugimendu ekologista, lurralde "jasangarri, solidario eta burujabea" osatzen duten alternatiben ezagutzeko asmoz.


2023-09-21 | Euskal Irratiak
Milaka pertsona bildu nahi lituzke Bizik, 'Euskal Herria Burujabe' topaketetan

2013ko Alternatiba Egunetik hamar urtera, 10.000 pertsona bildu nahi ditu Bizi mugimendu ekologistak bi egunez Baionan. ‘Euskal Herria Burujabe’ topaketak antolatu ditu urriaren 7tik 8ra, lurralde iraunkor, solidario eta burujabe baten aldarrikatzeko.


Eguneraketa berriak daude