argia.eus
INPRIMATU
3.500 lagun batu dira Baionako karriketan, etxebizitza eskubidearen alde
  • Bigarren etxebizitzen aurkako borroka gogortuko duela abisatu du Herrian Bizi plataformak bere hitz hartzean: “2024eko urtarrilaren 1etik goiti, ez dugu gehiago onartuko lehen etxebizitzarako izan behar lukeen etxebizitza bat erostea bigarren etxebizitza bat bilakarazteko. Euskal Herrian bizi nahi dutenen kontrako eraso bezala kontsideratuko dugu. Deialdi honekin beraz, saltzaileei baina batez ere bigarren etxebizitza erosi nahi dutenei zuzentzen gatzaie publikoki".

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko apirilaren 03a
3.500 lagun batu dira Baionan, Herrian Bizi plataformak deiturik.

Iaz antolaturiko lehen manifestazioan baino jende gutiago batu bada ere, jendeak erantzun du Herrian Bizi plataformaren deiari: 3.500 lagun batu dira asteburuan Baionan, etxebizitza eskubidearen alde. Bere borroka aitzina eramanen du hainbat eragile batzen dituen plataformak, besteak beste bigarren etxebizitzen aurkako borroka lehentasunetan jarriz: "2024eko urtarrilaren 1etik goiti, ez dugu gehiago onartuko lehen etxebizitzarako izan behar lukeen etxebizitza baten erostea bigarren etxebizitza bilakarazteko. Euskal Herrian bizi nahi dutenen kontrako eraso bezala kontsideratuko dugu. Deialdi honekin beraz, saltzaileei baina batez ere bigarren etxebizitza erosi nahi dutenei zuzentzen gatzaie publikoki. Gure mezua biziki argia da: stop, aski!", zioen Txomin Heguyk plataformaren izenean.

Egun berean Europako beste hirietan ere zituzten mobilizazioak antolaturik, Housing Action Day –Etxebizitzaren aldeko Ekintzen Eguna– ekimenaren kari. Baionako Suprefeturatik abiatu eta Baiona Ttipira iritsi zen manifestazioa, euri erauntsiei aurre eginez.

Hautetsien eta legegileei deia:

Herritarrek eraman borrokaz gain, hautetsiei ere inplikazioa eskatu die plataformak: berehalako lege aldaketak eta tresna berriak aldarrikatu dituzte Ipar Euskal Herrian eta orohar edozein lekutan etxebizitza krisiari aurre egiteko. "Ez da dudarik, fatalismo honekin bukatu behar dugu. Etsitu gabe, gure engaiamendu kolektiboa, ez-bortitza eta determinatuarekin segitu behar dugu, tokiko hautetsien partetik ekintza sendoak erdiesteko eta jadanik plantan diren tresnak osoki harrarazteko". Horrez gain, Frantziako Gobernua eta Parlamentua ere interpelatu dituzte manifestazioaren bidez: "Arauzkoak, legezkoak eta juridikoak diren neurriak hartzera bultzatu nahi ditugu. Urrats horiek berehala egin behar dira, azken hamarkadetan beranta handia hartu baitugu", Herrian Bizi-ko Maialen Errotabeheren hitzetan.

Baionako suprefeturatik abiatu zen etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa. Argazkia: Herrian Bizi.