Ezker abertzaleko 35 kideren kontrako epaiketa bertan behera geratu da

  • Astelehen goizean hastekoa zen ezker abertzaleko 35 kideren aurkako ahozko epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Guardia Zibilak goizean hainbat abokaturen aurka egin duen operazioaren ondorioz, ordea, bertan behera geratu da, atxilotuetako abokatu batzuk auziperatuak defendatzekoak baitziren.


2015eko urtarrilaren 12an - 01:31
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Epaituko dituzten 35 herritarrek emandako prentsaurrekoa.

Lan politikoagatik auziperatuta

2005 eta 2007 artean Batasuna, EHAK eta ANV-EAEren izenean lan politikoa egitea leporatzen zaie, ETAren fronte instituzionalekoak izatea, honen aginduetara jardutea eta, beraz, talde armatuko kide izatea.

Hori guztia dela eta, fiskaltzak 10 urteko espetxe zigorra eskatzen du auzipetu bakoitzarentzat. Ahozko saioa gaur hasi eta ekainaren 8an amaitzea aurreikusten da.

Herriko tabernen auziaren aurrekaria

Funtsean, auzi hau 2013-2014an ezker abertzaleko beste 40 kideren aurka egindako  herriko tabernen auziaren segida da. Hartan jende gehiegi zegoela eta, bigarren hau ireki zuten. Hark bazituen bi adar, bata politikoa eta bestea ekonomikoa. Ekonomikoan herriko tabernei ETA finantzatzea leporatzen zitzaien eta politikoan ETAren fronte instituzionalekoak izatea eta, beraz, talde armatuko kideak. Oraingo 35 epaitu hauei bezala.

Hor dago egoeraren larritasuna, herriko tabernen auzian oso zigor gogorrak izan zirela 2014ko udan ezagutarazitako epaian. Alor ekonomikoan 103 herriko tabernen ondasunak konfiskatzea agindu zuen Auzitegi Nazionalak, eta politikoan 20 auziperatuk urte batetik hiru urte arteko zigorrak jaso zituzten, oraingo auzipetuei egiten zaizkien salaketa berdinekin.

Aurrekariak kontuan hartuta, aurreikuspenak ez dira onak. Hilaren 9an Pernando Barrena auzipetuak berak adierazi zuen publikoki zigortuak izateko arrisku handia zutela.

Nork epaituko ditu?

Baina aurrekariez gain, oso kontuan hartzeko da ahozko saioa Concepción Espegel magistratuak zuzenduko duela. Espegel  PPtik oso gertu dagoen epailea da. PPk berak proposatu zuen Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide izateko eta iragan irailera arte erakunde horretako kide izan da. Gaur egun Auzitegi Nazionaleko Penal Arloko Bigarren Ataleko lehendakaria da eta azken hilabeteetan Europako espetxe zigorren euro-aginduaren auzian nabarmendu da: Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Lehen Atalak euro-agindua indarrean jartzearen alde egin zuen –Santiago Arrospide eta Alberto Plazaola libre utziz– eta Espegelek horren aurka.

Ahozko epaiketa zuzenduko duen epaiaren osaketa zein garrantzitsua den giltzarri da egungo egoeran, epaile batzuk “dena da ETA” doktrina bere horretan ez aplikatzearen aldekoak direlako eta beste batzuk bai. Ezker abertzaleko gazte independentisten aurka azken bi urteetan izan diren epaiketetan argi ikusi da hori. 2014ko udan Auzitegi Nazionalak Segikoak izateaz –beraz ETAkoak–  akusatutako 40 gazte absolbitu zituen. Baina joan den abenduan bukatutako beste 28ren ahozko auzian, fiskalak 12 libre utzi ditu eta beste 16rentzat seina kartzela urte eskatzen du.

Defentsak estrategia berria

Epaiketa berri honetan, defentsa abokatuek beren estrategia aldatu beharko dute. Herriko tabernen auzian, alor politikoko auziperatuek onartu egin zuten HB, EH eta Batasunako jarduera politikoa egin zutela, hori legezkoa zelako eta Baltasar Garzonek berak jarduera politikorako eskubidea zutela aitortu zielako.

Epaimahaiak ez zuen horrela ulertu eta zigortu egin zituen, baina epaimahaiko Clara Bayarri epaileak boto partikularra idatzi zuen, oso zorrotza epaiarekin, funtsean honakoa esanez: epaitutako ezker abertzaleko buruzagiena jarduera politikoa zen eta ez dago frogarik esateko ETAko kide direla eta, beraz, zigortzeko. Orain, aldiz, akusatuek onartuko balute Batasuna, EHAK eta ANVren izenean jarduera politikoa egiten zutela, zigortzeko aukerak oso handiak lirateke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Epaiketak
Gorka Roca Torreri babes agiria

Heldu den martxoaren 26an, Gorka Roca Torre epaituko dute Baionako auzitegian Unescoren izenean burutu bi ekintzetan esku hartu izanagatik. Seinaletika euskarriak ezabatzea, margotzea, kentzea... Euskal Konfederazioak bere jardueran lehenesten dituen ekintza motak ez badira ere,... [+]


Puigdemont terrorismoagatik ikertzeko agindu du Auzitegi Gorenak: auziaren klabeak

Espainiako Auzitegi Gorenak bat egin du Tsunami Demokratikoa mugimendua ikertzen ari den Manuel García Castejón Auzitegi Nazionaleko epailearekin: ondo ikusten du Carles Puigdemont eta beste hamaika lagun ikertzea eta haien aurkako auzi penala irekitzea. Hemen... [+]


Gorka Torre epaituko dute Izpurun eta Donibane Garazin euskararen aldeko ekintza batzuengatik

HerriBiltzako militantea den Gorka Torre konbokatu du martxoaren 26an Baionako auzitegiak UNESCOren izenean egindako margoketengatik.


2024-02-06 | Gedar
14.000 euroko zigor eskaera gazte batentzat, Palestinarekin elkartasunez Donostian egindako protesta bat dela-eta

Asteazken honetan deklaratu beharko du, eta elkarretaratzera deitu du GKSk: 11:30ean bilduko dira epaitegi aurrean. Iazko azaroaren 3an egindako protesta baten harira auzipetu dute gaztea; PSOEren egoitza aurrean mobilizatu ziren egun horretan, sionistak Palestinan egiten ari... [+]


Eguneraketa berriak daude