argia.eus
INPRIMATU
340 langilerentzako kaleratze dosierra aurkeztuko du Fagor Etxetresnen administratzaileak
  • Administratzaileak dosier berean sartu ditu Grumal, Edesa eta Fagor Etxetresenen soldatapeko langileak. Grumaleko langileek kooperatiba bat sortzeko egindako proposamena baztertu egin du, hasiera batean, Mondragonek.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2014ko urtarrilaren 08a
Grumaleko langileek beste kooperatiba bat sortzeko proposamena egin dute, baina ez dirudi Mondragonek onartuko duenik.

Fagor Etxetresna Elektrikoen (FEE) konkurtso administratzaileak atzo jakinarazi zuenez, 15 eguneko epean aurkeztuko du kaleratze dosierra 340 langilerentzat. Dosier berean bildu ditu FEEko soldatapekoak (105 langile), Grumalekoak (148) eta Edesakoak (80). Hala azaldu du El Diario Vasco egunkariak gaurko paperezko edizioan.

Egunkari kontserbadoreak dioenez dosierra aurkeztu ondoren langile horien ordezkariekin negoziazio prozesua hasiko da. Era berean, administratzaileak baieztatu du Azpeitiko Grumal enpresa likidatzeko bidean jarriko duela, eta ondoren langile gutxiago izango lituzkeen “proiektu berria” martxan jartzen saiatuko dela.

Grumaleko enpresa komiteak beste proposamen bat aurkeztu zion administratzaileari. Langileak prest dira euren kabuz 40 edo 50entzako kooperatiba bat sortzeko, baldin eta 55 urtetik gorakoak aurrejubilatu eta gainerakoak Mondragonen birkokatze planean sartzen badira. Erantzuna egun gutxi barru etorriko dela dio El Diario Vascok. Aitzitik, Berriak gaur argitaratu duenez, Mondragonek ez du “inolako asmorik” halakorik onartzeko, hori adierazi zien atzo FEEren administratzaileak Grumaleko ordezkari sindikalei.

Iturri berberek Berriari esan diotenez, 250 lagunentzako kaleratze espedientea ari da prestatzen administratzailea, eta Edesa eta Grumal aldi berean likidatuko lituzkete.