Heitor Naia eta Diego Santim galiziar militante independentistak epaituko dituzte urriaren 7tik 9ra Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak 17na urteko espetxe zigorra eskatu du. Resistencia Galega taldeko kide izatea eta “helburu terroristarekin” kalte materialak eragitea leporatzen diete. Biak ala biak baldintzapeko askatasunean egon dira epaiketa hasi arte.
Vigon atxilotu zituzten Heitor Naia ‘Koala’ eta Diego Santim, 2012ko abenduan. Espetxean hilabete batzuk igaro ondoren, baldintzapeko askatasunean utzi zituzten epaiketa hasi bitartean. Biei egozten diete Resistencia Galega taldekoak izatea. Talde horretako kidetzat jo izan dira, halaber, gaur egun dauden sei preso politiko galiziarrak.
Resistencia Galega antolatutako taldea ote den ez da gauza segurua, ordea. 1990eko hamarkadaren hasieran Exército Guerrilheiro do Povo Galego Ceive (EGPGC) desegin ostean ere, eta gaurdaino, izan dira independentziaren aldeko ekintza armatuak Galizian, baina ezin daiteke esan egitura finkodun talde armatu bat dagoenik bertan.
PPk, auzitegiek eta hainbat komunikabidek Resistencia Galega izena erabili dute ustezko erakundea izendatzeko, zenbait eraso aldarrikatzeko plazaratu diren idazkietan lelo hori erabili izan baita (leloa baino sinadura izango litzateke, noski, Galizian talde abertzale terrorista bat dagoela diotenen ustez). Resistencia Galega erakunde baten izena denik zalantza agertu dutenen artean Auzitegi Nazionaleko epaile bat dago: Ramón Sáez Valcárcel.
Naia eta Santim-en aurkako epaiketaren hasiera indarkeria politikoaren gaia Galizian pil-pilean dagoen une batean suertatu da. Urriaren 1ean, lehergailu batek kalteak eragin zituen Barallako Udaletxean, Lugon. Handik oso gutxira, urriaren 3an Guardia Zibilak Raul Agulheiro atxilotu zuen Santiagon de Compostelan, Barallako erasoaren egilea izatea leporatuta. Baita ere, zer esanik ez, Resistencia Galegako kidea izatea. Epaileak Agulheiro espetxeratze agindua eman zuen urriaren 6an.