argia.eus
INPRIMATU
%34 egin zuen gora ikusleen kopuruak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinemetan iaz
  • 23,7 milioi euro bildu dira guztira, 2022an baino %40 gehiago.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 11

“Susperraldia” bizitzen ari dira euskal zinemak, Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak (EZAE) jakinarazi duenez. 2022ko datuekin alderatuz, 2023an %40 igo da EAEko zinema aretoen diru bilketa, eta %34 igo da bertaratu direnen kopurua.

2019an, pandemia iritsi aurretik, EAEko zinemek 28,1 milioi euro bildu zituzten, eta 2023an guztira 23,7 milioi euro biltzea lortu dute.

Ikusle kopurua nabarmen txikitu da azken urteotan. Elkartearen hitzetan, 2020tik 2022ra bitartean, pandemia tarteko, zortzi milioi ikusleko galera izan dute aretoek. 2023an iritsi da susperraldia. EZAEko kideek adierazi dute berreskuratze horretan “berebiziko garrantzia” izan dutela Irati eta 20.000 erle-espezie bezalako euskal filmen estreinaldiek, “aurreikuspenak aise gainditu baitituzte”.

Euskarazko film bat soilik dago urteko hamar arrakastatsuenen artean: Irati. Zazpigarren postuan dago, eta 549.000 euro eta 90.000 ikusle bildu ditu. Lehen postuan dago Barbie filma, 1,3 milioi euro eta 210.000 ikusle bilduta.

Hurrenkera honetan, hauek izan dira 2023an EAEko film arrakastatsuenak: Barbie, Avatar: el sentido del agua, Super Mario Bros: La película, Oppenheimer, Campeonex, Ocho Apellidos Marroquís, Irati, Elemental, Napoleon eta Fast & Furious X.