Bake prozesua hedabide nagusien agendetan egon da, baina titular horien atzean beste errealitate bat ere badago: 322 lider politiko hil dituzte bi urtean; 49 FARCeko kide ohiak dira. Aurtengo zifrei erreparatuta, jada 33 buruzagi politiko hil dituzte. Azkenak asteburu honetan: FARCeko bi kide ohiei eraso egin diete. Hirugarren eraso bat ere izan da, lider indigena baten aurka, baina bizirik irten da.
Bi hauteskunde izango dituzte aurten Kolonbian. Bata Kongresua osatzeko eta bestea Errepublikako presidentea izendatzeko. Telesurrek jasotako informazioaren arabera, lehen hauteskundeak hurbildu ahala, giroa berotzen ari da: ziurrenik biktimek ezingo dute parte hartu hauteskundeetan eta horrek hautsak harrotu ditu. “Alde guztiak” aintzat ez hartzeaz leporatu diote herritarrek Santos presidenteari.
Katerine Torres bakea helburu duen erakunde bateko koordinatzailea da eta Kolonbia berri bat eraikitzeko prozesuan gakoak zeintzuk izan behar diren zehaztea konplexua dela azaldu dio Telesurri. Hala ere, estatuak jokatu behar lukeen papera nabarmendu du, pentsaera aldaketa bat ematen ez bada, indarkeria gabeko herrialdea berreraikitzea ezinezkoa izango dela iritzita: “Estatuak barne etsai baten ideia elikatu du historikoki; bere auka doan edo ezberdin pentsatzen duen edonoren aurka egiteko legitimitatea eman dio bere buruari. Logika horrekin jarraitzen badu, iraganeko mamuak berriro irtengo dira”.