argia.eus
INPRIMATU
31 hizkuntzatako 70 gazte bildu dira Hizkuntza Gutxituen Topaketetan
  • Gasteizen bildu diren gazteen helburua elkar ezagutzea eta hizkuntza gutxituez gogoeta egitea da. Goizez eskola akademikoak dituzte eta arratsaldeetan musikaz, bisitez eta aisialdiaz gozatzen ari dira. Uztailaren 16an hasi eta 19an bukatuko dira HIGA! Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketak.

ARGIA @argia 2018ko uztailaren 17a
Goizeko saio batean, hizkuntza gutxituetako gazteak hizlariei adi.

31 hizkuntza gutxituetako partaideak bildu dira, tartean hamabi euskara hiztun. Gainerakoak honela banatzen dira: bederatzi katalan hiztun, zazpi galego hiztun, bi asturiera hiztun eta bi aragoiera hiztun. Zeinu hizkuntza erabiltzen duten hiru lagun ere etorri dira. Europatik etorri dira: sardiniera, bretoiera, galesera, Irlandako gaelera, Eskoziako gaelera, wymysouera, silesiera, iparraldeko samiera, eta manera hiztunak.

Amerikatik etorri dira: mapuzungun, tu'un savi, namui wam, ocaina, murui-muinan, nonuya, uru uchumantago, uru chipaya, zapoteco, tseltal, k'iche', guambiera eta namtrik hiztunak.

Amazigh hiztunak eta tamilera hiztuna ere badira topaketetan.

EHUk eta Gasteizko Udalak antolatu dute egitasmoa, eta Gazte planaren eta Euskararen Zerbitzuaren elkarlanean martxan jarri da hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen bigarren topaketa.

Egitasmoak bi alderdi izango digu: batetik, akademikoa, EHUko Udako Ikastaroen baitan egingo dena, eta bestetik, “alderdi ludiko eta erlazionala”, esperientziak partekatzeko eta Gasteiz ezagutzeko aukera emango duena.

Euskararen eta Europako gainontzeko hizkuntza minorizatuen etorkizunari begiratuko diote, eta hizkuntza hauen biziraupenerako gakoak proposatuko dituzte. Horretarako, herri ekimena eta hainbat komunitatetako kideen elkarlana funtsezkoak direla uste dute, eta hizkuntza gutxituak biziberritzea egungo gazteen erronka dela diote.