argia.eus
INPRIMATU
300.000 euroko zuloa atzeman dute Bizkaiko PPn
  • Justifikatu gabeko gastuak atzeman dituzte Bizkaiko PPn. Lurraldeko gerente Arturo Aldecoa eta kontu eramaile Gonzalo Pontes kargutik kentzea erabaki du alderdiko zuzendaritzak. 300.000 euro inguru leudeke aztergai.

Iker Oñate Aiastui @iker_onate 2016ko martxoaren 07a
Agerraldi publiko batean, Bizkaiko PPko presidente Anton Damboreneak gogor salatu zituen alderdiaren ustelkeria kasuak. (Arg: Iñaki Andres/Araba Press)

Kontuak ikuskatzeko erabaki hartu du EAEko PPk, datuen azterketa sakon bat egin eta kasuaren inguruan xehetasunak eskuratu nahian. “Alderdiak lurraldean zituen gerente eta kontu eramaileen kudeaketak sortu dituen zalantzak argitzea da asmoa”, azaldu du Bizkaiko ordezkaritzak.

Auzia guztiz argitu nahi du alderdiak. “Dirua modu desegokian gastatu zela baieztatzen bada, neurri politiko eta judizialak hartuko ditu Bizkaiko PPk”, adierazi dute. Iruzur egin zuten horiek erantzukizunak beren gain hartzea nahi dute lurraldeko popularrek.

Alderdiak argi utzi du Aldecoak eta Pontesek beren kabuz jardun zutela eta “PPk ez zekiela ezer”. Gaineratu du “iruzurra baieztatuko balitz, alderdia bera izango litzatekeela kaltetua, kudeaketa okerraren eraginez”.