argia.eus
INPRIMATU
30.000 eurotik gora ditu isunetan Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak, etxe kaleratze bat gelditzen saiatzeagatik
  • Urtarrilaren 26an hamabost pertsonaren etxe kaleratzea gelditzen saiatu zen Gasteizko Etxebizitza Sindikatua. Ekintzagatik jasotako isun guztien baturak 30.000 eurotik gorako zigor ekonomikoari aurre egin beharrean jarri ditu.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 19a
Etxearen aurrean harresia egin zuten hainbat gaztek. Ertzaintzak banaka atera zituen. Argazkia: ARGIA

Hamar urtetik gora hutsik zeramatzan Gasteizko Herran kaleko 15. zenbakian dagoen eraikinak, eta iazko ekainean okupatu zuen Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak, zenbait pertsonaren etxebizitza arazoari alternatiba habitazionala eman asmoz. Urtarrilean 26an, baina, etxe kaleratze aginduari aurre egin behar izan zioten. Hamabost pertsona kaleratu zitzaten ekiditen saiatu ziren, ez ondoriorik gabe. Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi duenez, esku hartze haren ondotik hiru pertsona atxilotu zituzten, lau pertsona epaituak izateko esperoan daude, bi pertsona herrialdetik kanporatzeko aginduarekin bidali zituzten Atzerritartasunera, eta isun andana jaso dituzte: 700 euroko hamabost isun desobedientziagatik, eta 1.200 euroko beste hogeita zortzi isun desobedientzia eta justizia oztopatzea egotziz; orotara, 30.000 eurotik gora isunetan.

“Errepresioarekin etxebizitzaren aldeko borroka erasotu nahi dute. Guk, ordea, klase elkartasunez egingo diegu aurre”, adierazi du Etxebizitza Sindikatuak. Zigor ekonomikoari aurre egiteko diru-bilketarako crowfundinga jarri dute martxan, hirurogei egunez martxan egongo dena, uztailaren 16a arte.