argia.eus
INPRIMATU
Inteligentzia Artifiziala
264 milioi euroren truke, Musken Grok adimen artifiziala Telegrameko erabiltzaileetan instalatuko da
  • Urtebetean Grok-ek Telegramen ibiltzeko aukera izango du, mezularitza enpresaren 1.000 milioi erabiltzailetan sartuko da eta horren truke 264 milioi dolar jasoko du. Pável Dúrov Telegrameko sortzaile eta jabeak baietsi du operazioa bere kanal ofizialean.

Xabier Letona Biteri @xletona Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko maiatzaren 30

Oraindik, dena den, Elon Muskek X sarean adierazi duenez, eta Pável Dúrovek onartu, operazioa ez dago guztiz itxita. “Uda honetan, Telegrameko erabiltzaileek merkatuko AA onena izango dute eskura. Elon Muskek eta biok urtebeteko elkarkidetza abiarazi dugu xAI-ren Grok txatbota gure 1.000 milioitik gora erabiltzaileengana eramateko eta Telegrameko app guztietan integratzeko”, adierazi du Dúrovek.

Orain arte, Grok X sarean edo Musken bestelako tresnetan bakarrik zegoen eta horietan erabiltzaileek edozer galde diezaiokete hari. Akordio honen arabera, Telegrameko erabiltzaileek berdintsu jokatu ahal izango lukete Grokekin, akordioa guztiz ixten denean.

Telegramek orain arte irmo defenditu izan du bere mezuen konfidentzialtasuna, eta aurretik ere horren inguruko zalantzak gero eta ugariagoak baziren ere, jokaldi honekin hori guztiz zalantzan geratzen da. Erabiltzaile asko beldur dira beren datu guztiak Musken IAren erabileraren menpe gera daitezkeelako

Dúrovek gezurtatu egin du horrelakorik eta defendatu du “erabiltzaileen konfidentzialtasuna” erabatekoa izango dela aurrerantzean ere, eta Grokek bakarrik erabiliko dituela harekin egindako elkarreragiketen datuak. Akordioa gauzatzen denean, erabiltzaileek beren hizketaldietako kanalaren goiko aldean Groken txat iraunkor bat izango dute hari nahi dituzten kontsultak egiteko. Ez dago argi ezta ere Grokek erabiliko dituen datu horiek gerora xIA-k erabili ahal izango dituen bere entrenamenduetan.

Albistearen xehetasun gehiago kontsulta daitezke BBCko albiste honetan edota El Diario.es-eko bi albiste hauetan: hau eta beste hau.