Zenbaki horren barruan kalean poliziek hildakoez gain, kartzelan eta atxiloturik egon bitartean hildakoak ere hartzen dira kontuan. Ez da iraganeko gauza, 2015eko lehen hamar hilabeteetan 227 pertsonak galdu zuten bizia polizien eskuetan, 22k hilean, 30 orduro batek.
Biktimen profila ia beti berdina da, 15 eta 25 urte arteko gazte pobrea. Hilketa horien %45 Buenos Aires inguruan izan dira, maila txikiago batean Santa Fe eta Cordoba hiriek jarraitzen dutela.
Koordinakundearen arabera 80. hamarkadatik geratu ez den praktika hau ez da aldatu boterean dauden alderdi politikoak mugitu arren. Mende berria hasi ondoren igoaldi esanguratsua izan zuen Kirchnerren agintaldiarekin, eta gorakada berri bat izan du Macri iristean.
Diagonalek elkarrizketatu duen Indarkeria Instituzionalaren aurkako Kanpaina Nazionaleko kide Esteban Rodriguezen ustez, 90. hamarkadan biztanleriak delinkuentzia jasateko zuen beldurrak indarkeria polizialari bidea ireki zion. 2004. urtean argentinarren kezka nagusia bilakatu zen, langabeziaren gainetik. Rodriguezek, halere, estatu politikarik ez dela argudiatzen du, politikako goi-karguek erantzukizun zuzenik duten ideia baztertuz.
Maria del Carmen Verdú CORREPIko abokatuak, berriz, arazoa sistema kapitalistaren ondoriotzat hartzen du: “Nola egin bestela 40 milioi pertsonak parasito gutxi batzuk mantentzeko?”. Biak ala biak ados daude, ordea, ez dela gehiegikeria edo okerren ondorio bat, “ohiko indarkeria ez kaotiko bat” baizik.
CORREPI koordinakundeak hainbat bideo egiten ditu poliziaren gehiegikeriak salatzeko, hemen eginiko azkenetako bat: