argia.eus
INPRIMATU
3 urteko 24 haur tutore bakarrekin, Irurtzungo eskolako errealitatea
  • Nafarroako Hezkuntza Departamentuak 3 urteko geletako ratioa 20 umera jaistea hitzartu berri duenean, bestelako errealitatea salatu dute Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko gurasoek: tutore bakarrak behar ugari dituzten 24 umeren aniztasunari erantzun eta akonpainamendu egoki eta gertukoa egitea ezinezkoa dela nabarmendu dute.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko irailaren 30
Atakondoa ikastetxea

“Alergia kasuak, euskara ulertzen ez duten haurrak, inoiz eskolaratuak ez direnak, fardela behar dutenak, kultura eta ohitura ezberdinak dituztenak...”. Eskolan hasi berriak diren 3 urteko 24 haurren behar eta interesei ongi erantzutea ez da posible, erreferentziazko tutore bakarrarekin eta aparteko laguntzarik gabe. Hala diote Atakondoako D ereduko gurasoek.

Gaur egun, Nafarroan 23 haur irakasleko da ratioa adin horretan, baina 20ra jaitsiko dutela hitzartu dute berriki. Halako gertaerek “agerian uzten dute irudi bat baino ez dutela bilatzen, ikasleen eta hezkuntza-taldearen beharrei benetan heldu gabe”.

Zer gertatu da? Gurasoek ohar bidez azaldu dutenez, haurretako baten matrikula epez kanpo jasotzeagatik pilatu dituzte denak gela berean, tutore bakarrarekin –23 umetik gora bi gelatan banatu eta bi tutore izan beharko lituzkete–. Haatik, “iraila baino lehen eta eskolako plantilla osatu aurretik Hezkuntza Departamentuak bazuen 3 urteko matrikulazio honen berri eta lau eguneko epeagatik ez da D ereduko 3 urteko taldea bi gelatan banatu”.

Hezkuntzako ordezkariren bat eskolara etor dadila eskatu dute gurasoek, haurren egoera behatu dezan. Eta azken buruan, gela bitan erdibitzea eskatu dute, hamabi haur tutore banarekin jartzea, alegia.

Quebec-en egin zuten ikerketa batek ondorioztatu zuen 16 ikasle baino gutxiagoko ikasgelek mesede egiten diotela ikasleen garapen kognitiboari

Ratioak, funtsezko gakoa heziketan

Ez dago esan beharrik, ikasle-irakasle ratioak berebiziko garrantzia du hezkuntzan, irakasle bakarraren ardurapean ikasle gutxiago izateak ahalbidetzen baitu, besteak beste, arreta pertsonalizatuagoa, beharrei hobeto erantzutea edota ko-irakaskuntza egin ahal izatea –bi hezitzaile, talde berarekin lanean–. Haur Hezkuntzara etorrita, Quebec-en egin zuten ikerketa batek ondorioztatu zuen 16 ikasle baino gutxiagoko ikasgelek mesede egiten diotela ikasleen garapen kognitiboari, eta 15 ikasle baino gutxiago izateak on egiten diela haurren gaitasun sozial eta komunikatiboei.

Nafarroan adostu dituzten gehienezko 20 ikasleen aldean, EAEn gehienez 18 ikasleko ratioa dago ezarrita 3 urteko haurrentzat, eta Europako Komisioak proposatzen du gehienez 8 ikasle hezitzaileko 2-3 urteko haurren kasuan, eta gehienez 15 ikasle hezitzaileko 3-6 urteko umeen kasuan.