argia.eus
INPRIMATU
3 urte arteko haur bakoitzeko hilean 100 euroko laguntza aurreikusi dute Espainiako Aurrekontu Orokorretan
  • PSOEren eta Unidas Podemosen gobernu koalizioak 2023ko aurrekontuen aurreakordioa adostu dute, eta “inoizko gastu sozialik handiena” dutela iragarri. Besteak beste, trenak doan izatea hitzartu dute. UPk eskatzen zuen Etxebizitza Legea ez dute aurrekontuetan sartuko.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 04a
Espainiako Ministroen Kontseiluan onartu dute aurrekontu orokorren aurreproiektua. / Argazkia: Moncloa.

Astearte goizaldean iragarri dute PSOE eta Unidas Podemosek akordioa lortu dutela 2023ko Espainiako Aurrekontu Orokorretarako. Desadostasunak izan dituzte azken momentura arte, baina puntu komunetara iritsi dira, agintaldiko hirugarren aurrekontuak hitzartzeko. Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak Euskadi Irratian azpimarratu du “oso garrantzitsua” dela “oraingoan hainbat gai lotuta uztea”, legealdiko azkenak izan litezkeelako.

Bada, Espainiako gobernu koalizioak nabarmendu du “inoizko gastu sozialik handiena” izango dutela datozen aurrekontuek: 266.719 milioi euro. María Jesús Montero Ogasun ministroaren esanetan, hamar eurotik sei bideratuko dituzte neurri sozialetara. Horien artean dago, besteak beste, 3 urte arteko haur bakoitzeko hilean 100 euroko dirulaguntza emango zaiela ama guztiei, eta ez lehen bezala soilik ama langileei. Halaber, Renfeko abonuak 2023an ere doan izango direla iragarri dute.

Langabeen diru-sarrerak ere Mariano Rajoyren gobernuaren aurrekoetara itzultzea aurreikusi dute: dirulaguntza horrek %60ko oinarria berreskuratuko du seigarren hiletik aurrera. Yolanda Díaz presidenteordearen arabera, 300.000 laguni eragingo die erabaki horrek.

Aldiz, Unidas Podemosen eskakizuna izan den Etxebizitzaren Legea ez dute aurrekontuetan sartu. UPk ohartarazi zuen aurrekontuen igoera ezin zela Defentsako gastuetara bideratu, baizik eta gastu sozialetara. Azkenean, Defentsa Ministerioaren aurrekontua %6,5 handituko dute.

Aurrekontuen legeproiektua Ministroen Kontseiluan onartuko da asteartean, eta Kongresuan eztabaidatu beharko dituzte. Ondo bidean, 2023ko urtarrilaren 1ean jarriko lirateke indarrean neurriak.