argia.eus
INPRIMATU
Hiru milioi sinadura aurkeztu dituzte Europako Batzordean, PKK erakunde terroristen zerrendatik kentzeko eskatuz
  • Kurdistango Langileen Alderdia (PKK) erakunde terroristen EBko zerrendatik kentzeko kanpaina amaitu da. 2021eko azaroan abiarazi zuten "Kurduentzako Justizia" iniziatiba. Emaitzen arabera, hiru milioi sinadura bildu ditu eta Europako Batzordeari eman dizkio.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko otsailaren 01a

Prentsaurrekoa eskaini dute asteartean, Bruselan, kanpainan aktiboki parte hartu duten hainbat erakunderen ordezkariek. KCDK-E elkarte kurduen Europako erakundeko presidentekideak, sinatzaileek beren sinadurekin seinale garrantzitsua bidali dutela azpimarratu du. Bereziki, Kurdistan estatu turkiarrak darabilen "sarraski-politika" ikusita, hainbeste jendek PKK EBko terroristen zerrendatik kentzeko eskatzea esanguratsua dela adierazi du, ANF berri-agentziak informatu duenez.

“Kurdistango Langileen Alderdia erakunde terrorista gisa sailkatzeak, kurduei eraso egiteko justifikazio gisa balio dio Turkiako Estatuari. Izan ere, zerrenda horrek gure herriaren aurkako neurri genozidioen berme gisa balio dio Turkiari. Hori da demokraziarako eta egonkortasunerako funtzionatuko duen aurretiko baldintza, ez bakarrik Turkian, baizik eta Ekialde Ertain osoan. Auzi kurduaren konponbideak gure herriaren existentzia eta etorkizun bizigarria bermatzen ditu", adierazi du.

Europako Ezkerreko presidenteak, Walter Baierrek, herri kurduarekiko erabateko elkartasuna adierazi du, autodeterminazioaren aldeko borroka eta Kurduentzako Justizia kanpainaren helburuak babestuz. "EBko terroristen zerrendatik PKK ateratzeko arrazoia nahiko sinplea da: PKK ez da erakunde terrorista bat, herri kurduaren alderdia da", esan du Baierrek. Ludo de Brabander ados agertu da, eta zerrenda horretan PKK berriz ebaluatzeko unea iritsi dela esan du. Vrede erakunde bakezalea ere eskari horren atzean dagoela gaineratu du.

Diskurtsoen ondoren, ordezkaritza batek sinadurak eman dizkio Europako Batzordeari. Europako legeria berriko proposamenak idazteko, eta Europako Parlamentuaren eta EBko Kontseiluaren erabakiak aplikatzeko ardura du Batzordeak.