3 + (1+3) = 1


2012ko abenduaren 17an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Iñigo Urkullu

Urkullu jaunak ez dit konfiantzarik ematen. Ez pertsona bezala, politikari gisa baizik. Euskaltzalea eta abertzalea omen da, baina bere idearioan hausturarik eta inposaketarik onartzen ez duena. Eta honexek ematen dit zer pentsatu handiena. Zalantzarik handiena. Independentziaren aldeko aldarriak (hauteskunde gauean bere etxean entzun izan zuena) eta euskararen normalizazioan Gipuzkoako Aldundiak hartutako erabakiak (Gipuzkoako Aldundiak euskara lehenetsiko du prentsaurrekoetan) kezkatu ditu Urkullu jauna.

Ideiek ideologia egiten dute eta ideologia da pentsamendu politikoaren muina. Urkullu jaunak hausturarik nahi ez izateak esan nahi du Euskal Herriak –edo Euskadiko Autonomia Erkidegoa– Espainiako parte izaten jarraitzea nahi duela aurrerantzean ere, nahiz eta estatus berri bat aldarrikatu. Ez duena azaltzen da zertan gauzatuko den asmo berri hori, zeren nik dakidala autonomiatik haratago federalismoa, konfederalismoa edo independentzia baino ez daude.

Helburu soberanistak bazter uzteak, bestalde, euskaldun askoren asmoak eta nahiak zapuztuko lituzke, baita bere alderdian bertan horren aldeko apustua egiten duten militanteenak ere. Baina EAJren baitan autonomia zale huts asko dira, hots, soberania berba entzun eta gaixotzen diren militanteak. Ezker Abertzalean ETAren borroka salbatzailean sinesten dutenak bezain antzuak eta kalte eragile gure asmo soberanistarentzat. 

Eta hausturarik nahi ez izateaz gain, Urkullu jaunak ez omen du inposaketarik onartzen. Euskarak gaztelaniari eragingo omen liokeena. Euskaldun batentzat ulertzen zaila den iritzia. Euskaldunak derrigortuta gaude egunerokotasunean hobesten ez dugun hizkuntzan mintzatzera, gaztelanian hitz egitera behartzen gaituztenez gero, euskara ezagutzen ez dutenek. Inposatzea da mendeetan erdi galduta dabilen ardiak beeka egitea galazotzea, ardi erdi galdua izanagatik ere ardi izaten jarraitu nahi izateagatik. Otsoak inposatzen dizkigu arauak eta hauetara makurtzen ez bagara, marra gorri guztiak gainditzen ditugu eta legez kanpo uzten gaituzte, lehen ere ez ginena ez deusago izatera behartuta. Eta hau guztia bizikidetzaren izenean!

Etorkizun beltza dugu epe ertain batean independentismoaren asmotan dihardugunok, Urkullu jaunak jakin baitaki EH Bilduk derrigorrezko duela EAJ bide horretan aurrera egiteko, eta EH Bildukoek badakite jakin, EAJk ez duela inor behar alboan, beronen estrategia autonomistan bidaide izateko. Gogoratu besterik ez Legebiltzarreko presidente berriaren (EAJ) hitzak: “Legebiltzarreko gehiengo abertzalea ezin da erabili gainontzekoen nahiak zapatzeko”. Etsigarria!

EAJ-k badu zer ikasi CIU-tik.

*Karlos Gorrindo Etxeandia Gernikako Udaleko euskara teknikaria da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Eguneraketa berriak daude