Frantziako agintariek jakinarazi dutenez, gutxienez 27 lagun hil dira Mantxako Kanalean asteazkenean, horietako gehienak errefuxiatu kurduak, itsasoa ontzi puzgarri batean igaro nahian zebiltzala hondoratu egin denean.
Frantziako Calais hiritik gertu hil dira migratzaileak, denera 27, eta 2014 urtetik hildako kopuru gehien eragin duen hondoratzea izan da. Ontzi puzgarri batean Mantxako Kanala igaro eta Ingalaterran sartu nahian zebiltzan pertsona horiek. Horien artean haurdun zegoen emakume bat eta hiru haur daude, lehen datuen arabera. Beste bi lagun larri daude ospitalean eta bat desagertuta dago.
The Guardianek azaldu duenez, hildako gehienak errefuxiatu kurduak dira, Irakeko eta Irango Kurdistanetik joandakoak. Fiskaltzak ikerketa abiatu du Lilleko auzitegi penalean, bidaia hori antolatzen "zerikusi zuzena" izan duten hainbat pertsona susmagarritzat jotzen dituelako.
Hondamendiaren albistea izan bezain pronto, Calaisko portuan herritar batzuk elkartu dira kandelak eta afixak eskuetan zituztela, "zenbat hildako gehiago?" galdetuz.
Giroa gaiztoturik
Heriotza horiek Britainia Handiaren eta Frantziaren arteko muga arteko giro gatazkatsua gaiztotu dute. Frantziako Barne ministro Gérald Darmaninek esan du erantzukizuna "trafikatzaileena" dela, baina Britainia Handiko errefuxiatuekiko politika ere modu harrigarrian kritikatu du, esanez Frantziak "lau aldiz migratzaile gehiago" kanporatzen dituela.
Gero eta gehiago dira Mantxako Kanala gurutzatu nahian itsasoak tragatzen dituen migratzaileak. BBCren arabera, asteazken horretan gutxienez beste 25 ontzitxo saiatu ziren kanala gurutzatzen eta 2020an 25.000 lagunetik gorak egin dute Frantzia eta Ingalaterra arteko bidaia arriskutsu hori, kondizio oso prekariotan.