Apirilaren 19an, Gestamp taldeko prebentzio zerbitzuen arduraduna, laneko bileran zegoela, bihotzekoak jota bertan hil zen. Lan-istripu ez traumatikoa Matriceria Deusto lantegian izan zen, Zamudion. Honekin, gutxienez 27 langile hil dira Euskal Herrian lanean urtea hasi denetik eta beste bi langilek, Alberto eta Joaquinek, desagertuta jarraitzen dute Zaldibarreko Zabortegian.
LAB sindikatuak eman ditu datu hauek. Baita ere adierazi du alarma egoera ezarri zenetik 8 langile hil direla: aurreko astean langile bat hil zen Arrigorriagako Talleres Berasateguin eta beste bat Pasaiako portuan. Apirilaren 11an, Lesakako Arcelor Mittaleko langile bat. Apirilaren 7an, nekazaritzako langile bat Behe Nafarroako Oregarren. Apirilaren 4an, IMQko osasungintza langile bat. Martxoaren 23an, Asfaltiako beste bat AP-8an eta martxoaren 18an Galdakaoko ospitaleko erizain bat.
LABek salatu duenez, "azken istripu honen eta laneko istripu guztien atzean langile klasearen lan- eta bizibaldintzak daude. Lan-baldintza txarrak, hala nola gehigizko erritmoak, presioak, autoritarismoa etab., estresa sortzen dutenak eta honen ondorioz, langileei patologia ezberdinak sorrarazten dizkietenak eta batzutan, heriotza ere bai". Zera nabarmendu du: "Lan-istripuak ez direla gertakari isolatuak, langileen osasuna eta bizitzaren aurretik enpresarien irabaziak lehenesten dituen eredu produktibo baten isla baizik".
"Eredu aldaketa bat" behar dela adierazi du LABek eta dei egin die langile guztiei "lan-baldintza duinen alde borrokan egitera".