Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du 26 herrialde prest direla gerra amaitu ondoren Ukrainan indar militarra zabaltzeko, “lurrez, airez edo itsasoz” parte hartuz. Vladimir Putin buruzagi errusiarrak erantzun die ez duela horrelakorik onartuko, ez balizko meniaren aurretik, ez ondoren.
Parisen egindako gailurraren ondoren eman zuen 26 herrialdeen akordioaren berri Macronek. Akordioaren ezaugarriez ez da informazio askorik zabaldu, baina adierazi denez bakarrik gerra gelditu ondoren sartuko litzateke indarrean. Ukrainara bidalitako soldaduak, dena den, frontetik urruti zabalduko lirateke, nagusiki Errusiaren beste inbasio bat saihesteko helburuarekin.
Ez da herrialde horien zerrendarik zabaldu, baina denen parte hartzea ez litzateke berdina, batzuk Ukrainako lurrean bertan arituko lirateke, beste batzuk itsasoan, eta airez parte hartuko luketenak ere badira. Herrialde batzuen konpromisoa mugatuko litzateke Ukrainako armada hornitu eta entrenatzera, gaur egun ere egiten dena.
Europar Batasunan jarrera desberdinak dira parte-hartze militar horri buruz. Frantziak eta Erresuma Batuak gerran menia lortu ondoren tropak bidaltzearen alde egiten dute, baina Alemania, Italia eta Espainia ez dira horren aldekoak eta nahiago dute egungo esku-hartze moldearekin jarraitzea, hau da, Ukraina armaz hornitu eta hango armadaren entrenatze lanetan.
Bildutako liderrek aitortu dute gailurraren helburuetakoa zela AEBak presionatzea konpromiso handiagoa har dezan Ukrainan zabalduko liratekeen Europako herrialdeen sostenguarekiko. Europako herrialdeek behin baino gehiagotan adierazi dute AEBen berme militarrik gabe, haiek ere ahul leudekeela Ukrainan.
Donald Trumpek, aldiz, ez du haiek espero moduan erantzun, eta esan die lan handiagoa egin behar dutela gerraren amaiera lortzeko. Trumpek behin baino gehiagotan adierazi du Ukraina europarren kontua dela eta AEBak gatazkatik erretiratuko direla. Eta Europar Batasuneko herrialdeak horren beldur dira.
Putinen baldintzak: lurraldea eta NATOrik ez
Errusiak ez ditu Europako indar militarrak onartuko Ukrainan, eta bertan zabaltzen badira helburu militar gisa hartuko ditu. Hori izan da Vladimir Putinek gailurrari emandako erantzuna. Bitartean Donald Trumpek su-etena lortzeko jarritako epeak bata bestearen atzean irensten ditu denborak. Behin eta berriro egin dio mehatxu Putini su-etena onartzen ez badu neurri ekonomiko oso gogorrak hartuko dituela Errusiaren aurka. Oraingoz, dena den, ez du halakorik egin.
Putinek Trumpek baino askoz gutxiago hitz egiten du, baina ez dio muzin egiten harekin hitz egiteari, eta Volodimir Zelenskirekin ere hitz egiteko prest dagoela dio, baina Ukrainak gaur gaurkoz onartu ezin ditzakeen baldintzetan: “Hitz egin nahi badu, etor dadila Moskura”, errepikatu berri du mandatari errusiarrak.
Su-etenerako akordioari begira, Errusiak hasieratik zorrotz finkatu ditu bi neurri: bata, Donbassen bereganatutako lurraldeak beretzat hartzea, eta NATO ez barreiatzea Ukrainan. Bitartean jarraitzen du aurrera egiten, poliki, baina etengabe lurraldea bereganatzen eta Ukrainaren aurkako eraso gogorrak eginez.