Europar Batasuneko Kanpo Politikarako arduradun Josep Borrell emandako datuen arabera, 350.000 europarri aberriratu dituzte koronabirusaren krisia hasi zenetik, baina beste 250.000 ez atzera ez aurrera geratu dira munduko hainbat txokotan. Hegazkin komertzial eta militarrak ari dira erabiltzen horiek euren herrietara eramateko.
Covid-19aren eztandak ustegabean hesiaren beste aldean jarri du jende oldea, mugak ezin igarota. Baina oraingo krisiak badu berezitasun bat: horietako asko europarrak dira, munduan barrena turista gisa edo epe motzeko lanean zebiltzanak. Josep Borrell Europar Batasuneko Kanpo Politikarako arduradunaren esanetan egoera horretan leudeke oraindik 250.000 lagun inguru, The Guardian egunkariak azaldu duenez.
EBko Kanpo Ministroekin egindako bideokonferentziaren ostean, Borrellek zehaztu du jende hori guztia ez dela epe luzean atzerrian bizi diren herritarrak, baizik eta hirugarren herrialde batean harrapatuta geratu diren turistak, gehienean. Koronabirusaren krisiarekin konfinamenduak eta mugen itxierak hasi zirenetik 350.000 turista inguru aberriratu dituzte.
Azaldu dutenez, europar herrialdeak elkar laguntzen ari dira hegazkin komertzial edo militarrak bideratu eta tramiteak errazteko jende hori berriz ere itzultzeko. Babes zibileko baliabideak ere erabiltzera iritsi dira –istripu edo hondamendietan erabiltzen direnak– 10.000 lagunentzat.
Kasik Lesbosen dauden migrante errefuxiatuen erdia da kopuru hori –20.000 inguru daude Greziako irlan–, baina azken hauek txarrantxen artean jarraitzen dute oso egoera desberdinean.