Iruñeko Landaben poligonoan lantegia duen TRW automozio enpresako zuzendaritzak astearte goizean jakinarazi die bere asmoen berri langileei: 250 lagun kaleratzea, lantegiko ateak irekita mantentzearen truke.
Iragarpen okerrenak ere gainditu dira TRW-ren eskaintzarekin. Automozio sektorean dagoen lehia gogorra aitzaki hartuta, behin betiko Enplegu Erregulazio Espedientea ezarri nahi diete enpresak dituen 600 langiletik 250-i. Halaxe azaldu dio bertako zuzendaritzak astearte goizean enpresa batzordeari. Horrez gain, lan baldintzetan hainbat neurri ere proposatu ditu TRWk: soldatak izoztea, antzinatasuna murriztu, zortzi lan egun gehiago, 80 orduko "malguntasun " poltsa eta abar, gainerakoentzako lana 2018ra arte baino ezin duela zihurtatu argudiatuta.
Lantegian ordezkaritza duten sindikatuak egoera aztertzeko bilduko dira –astelehenean hainbat asanblada eta lanuzte egin zituzten– eta ez dute baztertzen greba mugagabea antolatzea. Enpresa batzordeko kideek, beren aldetik, Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatu dute.