Mende erdia joan da Piarres Larzabal antzerkigile, apaiz eta militante politikoa hil zenetik.
Antzezlan ugari idatzi zituen azkaindarrak. Nork hil du Oihanalde obrarekin hasi zuen dramaturgo ibilbidea 1950ean eta joan den mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan arrasto sakona utzi duen Euskal Herriko kulturan.
Politikaren esparruan ere lan handia egin zuen Larzabalek: Enbata taldearen sorreran parte hartu zuen 1960ko hamarkadan. Hego Euskal Herritik Frankismoaren aurka jarduteagatik ihes egin zuten militanteei aterpea eman zien eta zeregin horretarako sortu zuen, besteak beste Telesforo Monzonen eta Angel Mari Arregiren laguntzarekin, Anai Artea elkartea.
1970ean ETAk Beihl alemaniar kontsula bahitu zuenean, Larzabalek bitartekari lanak egin zituen erakunde armatuaren eta familiaren artean.
Lehenago, II. Mundu Gerran, Alemaniako, Poloniako eta Txekoslovakiako espetxeetatik pasa zen eta handik itzulitakoan nazien aurkako erresistentziarekin kolaboratu zuen.
Frantziak Aljeriaren aurka abiatu zuen gerraren kontrako artikuluak idatzi zituen eta eztabaida sutsuak izan zituen Jon Miranderekin, arrazakeria zela eta.
Larzabali buruzko informazio gehiago eta haren obretara loturak aurkituko duzu Armiarma.com webgunearen Literaturaren Zubitegian.