argia.eus
INPRIMATU
25 milioi euroko isuna Iberdrolari, argindarraren tarifa amarruz igotzeagatik
  • Espainiako Merkatuen eta Lehiakortasunaren Batzordeak (CNMC) merkatu elektrikoa manipulatzea eta milioika etxebizitzatako argindarraren tarifa %10 baino gehiago handitzeko amarru egitea leporatu dio Iberdrolari. CNMCk oso larritzat jo du konpainiaren jokabidea, eta 25 milioi euroko isuna ezarri dio, 2014an lortutako mozkinen %1. Espedientean irakur daitekeenez, egindako iruzurrari esker 21,5 milioiko irabaziak eskuratu zituen Iberdrolak.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko abenduaren 01
San Estebaneko zentral hidroelektrikoa, Galiziako Sil ibaian. Bertako urtegian eta beste bitan ura atxiki zuen Iberdrolak, elektrizitatea garestitzeko.

CNMCren arabera, 2013ko azaroaren 30a eta abenduaren 23a bitartean Iberdrolak ura atxiki zuen Espainiako Estatuan dituen hiru urtegitan, justifikaziorik gabe. Konpainiaren asmoa argindarra garestitzea izango zatekeen, 2014ko lehen hiruhilekorako prezioa ezarri behar zen enkantea egin baino lehentxoago.

Iberdrolak geldiarazitako zentral hidroelektrikoen hutsunea betetzeko zentral termikoetako argindarra sartu zen merkatuan, eta horrek eragin zuen, CNMCren hitzetan, megawatt-orduko zazpi euro (%8,75) garestitzea tarifa. Hala, abenduaren 19an egindako enkante elektrikoa baldintzatu zuen Iberdrolak. Oraingoz Espainiako Estatuan egin den azken enkantea izan zen hura; handik gutxira Industria Ministerioak, sortutako polemika zela-eta, bertan behera utzi zuen argindarraren salneurria ezartzeko sistema hori.

Transnazional bizkaitarrak esan du erabakiaren aurkako helegitea aurkeztuko duela Espainiako Entzutegi Nazionalean. CNMCren aurrean argudiatu dute ura atxiki zutela urtegien maila baxua zelako eta eskari handieneko sasoirako ura gorde nahi zutelako, baina lehiakortasunaz arduratzen den batzordeak ez ditu aintzat hartu konpainiaren azalpenak. “Urtegien maila aurreko urtekoa baino nabarmen handiagoa zen”.