argia.eus
INPRIMATU
24 orduko lanuztea egiten ari dira Renfe, Adif eta FEVEko langileek
  • Trenbide sektorearen pribatizazioaren aurka protestatzeko 24 orduko lanuztea ari dira egiten gaueko hamabietatik Renfe, Adif eta FEVEko langileak. Espainiako Estatuko sei sindikatuk deitu dute greba eta 550 bat tren zerbitzu gutxiago izango dira.

2012ko abuztuaren 03a

Gutxieneko zerbitzuei dagokienez, ibilbide luzeko trenen %75a eta aldiriko zerbitzuen %60a izango dira. Aldez aurretik txartela erosia zuten bidaiariek aldatzeko aukera izango dutela jakinarazi du Renfek. Espainiako Sustapen Ministerioak jakinarazi du hiru eta lau milioi euroren arteko galera ekarriko diola Renferi gaurko grebak.

Grebarekin bat egin du LAB sindikatuak ere eta Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan elkarretaratzea egin dute 10:30ean. Euskal Herriko trenbide sareen enpresa publiko bat egin dezan eskatu diote Jaurlaritzari. Egun Euskal Trenbide Sarea, Eusko Tren eta Bilboko Metroa Jaurlaritzaren esku daude.