"Enpleguaren defentsan" greba egingo dute urriaren 27an Aiaraldeako fabriketan. Zuzendaritzak amaitutzat eman du kaleratzeen eta soldata murrizketen negoziazio fasea eta hiru hilabeteko iraupena izango duen aldi baterako enplegu erregulazio espedientea aurkeztu du.
TTubacexeko langileek mobilizatzeari ekingo diote berriz ere, 24 orduko greba iragarri dute. “La Vuelta” txirrindularitza lasterketa Aiaraldeatik igarotzen da astearte honetan eta hori baliatuko dute lan gatazkari ikusgarritasuna emateko.
Urriaren 15ean bertan behera geratu ziren zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen arteko negoziaketak, enpresak langileek aurkeztutako neurriak negoziatzeari uko egin ostean. Urriaren 23an, hiru hilabeteko iraupena izango duen aldi baterako enplegu erregulazio espedientea aurkeztu zuen Tubacexek.
Covid-19aren aitzakiapean aurkeztutako ABEEE berri honek, %80ko eragina izango du Tubacexek Aiaraldean dituen hiru fabriketan. Sindikatuen iritziz espediente honekin enpresak “denbora irabazi nahi du soldatak jaitsi eta langileak kaleratzeko planarekin jarraitzeko”.
Orain arte bezala mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute langileek “eskualdeko enpleguaren eta lan-baldintzen defentsan”. Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu dira langileak, “enpleguarekiko konpromisoa har dezala” exijitu diote.