Deyna Castellanos futbolariak 24 emakumek sinatutako gutuna plazaratu du, non salatzen dituzten Venezuelako selekzioko entrenatzaile ohiak egindako "jazarpen eta abusu sexual, fisiko eta psikologikoak". Kenneth Zseremeta seinalatu dute, 2013tik 2017 bitartean 17 urtez azpikoen entrenatzailea izandakoa.
"Erokeria dirudien arren, guretzat normala zen entrenatzaileak iritzia ematea edo galdetzea gure sexualitate eta intimitatearen inguruan, adinez txikikoak ginen arren", diote gutunean. "Talde teknikoko kide batzuek egoera horiek babesten zituzten. Gaurko egunean, ulertzen dugu ekintza horien helburua zela gu manipulatu eta errudun sentiaraztea. LGTBI komunitateko jokalariek etengabe entzuten zituzten haien sexu-joerarai buruzko aipuak, eta jokalari heterosexualen gaineko jazarpena etengabea zen [...] Sexu-intsinuazioak ohikoak ziren, baita fisikoaren gaineko iruzkinak ere".
Testigantza gogor bat jaso dute gutunean: "Iaz, gure taldekideetako batek aitortu zigun, 14 urte zituenetik sexu abusuak jasan zituela Kenneth Zseremeta entrenatzailearen eskutik, eta abusuek iraun zutela entrenatzailea kargutik bota zuten arte. [...] Oso gogorra izan da jabetzea gutako gehienok 13-14 urte genituenetik 'lagundu' nahi gintuela uste genuen pertsona hori, manipulatzaile bat dela jakitea". Diotenez, gaur arte hau guztia esan ez badute, izan da, besteren artean, "horrelakoak salatzeko nahikoa erremintarik" ez zutelako, eta inork gutxik babestuko zituztela uste zutelako, entrenatzailearen figura "autoritarioak" eragin eta botere handia baitzuen haiengan.
Jokalari moduan gehiago isilduko ez direla diote, baina FIFA, federazio edota ligen babesa behar dutela, futbolariak babestu eta "salbu" izango diren "kultura" sortzeko.
Egun gutxian hainbat kasu
Pasa den asteburuan, AEBetako Ligan ari diren Sinead Farrelly eta Meleana Shime futbolariek Paul Riley entrenatzailea salatu zuten sexu abusuengatik. Entrenatzailea kaleratu egin dute, asteburuko partida guztiak bertan behera geratu ziren eta FIFAk esan du gertatutakoa aztertuko duela.
Bestetik, 17 urteko emakume batek Balear uharteetako teknifikazio zentroko bi entrenatzaile salatu ditu sexu-jazarpenagatik. Entrenatzaileak kargutik kendu dituzte behin-behinean, eta poliziak gertatutakoa ikertuko du, Ultima Hora egunkariak jakinarazi duenez.