argia.eus
INPRIMATU
Hamar urtean 238 lan-istripu eta 12 hildako egon dira Nafarroan altuera handitik erorita
  • Nafarroako Gobernuak 2010 eta 2020 bitartean gertatutako istripuak erregistratu ditu. Sektoreko enpresek segurtasun neurriak ezarri behar dituztela esan dute.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 15

2010 eta 2020 artean, altuera handitik erortzeagatik jazotako 238 lan-istripu egon dira Nafarroan. 12 pertsona hil egin dira. Nafarroako Gobernuak adierazi du mota horretako gertakariak beharrezkoak diren segurtasun neurriak ez ezartzeagatik gertatzen direla, eta eraikuntza eta mantenimentuan jarduten duten enpresei erantzukizuna eskatu die.

Lan-istripu horietako gehienak enpresek erabiltzen dituzten materialen egoera txarrak edo kalitate eskasak  –hauskorrak dira– eragiten ditu. Langileek erabiltzen dituzten tresnak ez daude pertsona nagusi baten pisua eusteko prestatuta, eta ondorioz, erori egiten dira. Horrela adierazi du Nafarroako Gobernuak istripuen datuak plazaratu ondoren.

Materialen arazoaz gain, orokorrean, enpresek gertakarien aurrean duten erantzukizun falta azpimarratu dute. Batetik, segurtaun sistemarik ezartzen ez dutela salatu dute. Gainera, jarriz gero, beren instalazioa hobeto egin beharko litzatekeela azaldu dute, ez dela hala moduz “inprobisatu” behar den zerbait, formakuntza jaso dutenek kontrolatu eta gainbegiratu behar duten neurria baino. Bestetik, azaldu dute istripuak gertatzen direnean, enpresek ez dituztela jazoerak identifikatzen, ezta horiek ekidite aldera egin behar den ebaluazioa eta azterketa garatzen ere.

Ekainaren 3an, Nafarroako Lan Segurtasuneko Kontseiluak datuak aztertzeko bilera egin du. 2020an kaleratutako laneko istripuei buruzko txostena oinarri, ordudanik ezbeharrak gutxitu egin direla adierazi du. Halere, pandemia garaian sektorean egondako geldialdiaren ondoriozko datu positiboak direla ondorioztatu du.