EBko diplomaziaburuari gutuna bidali diote lau talde parlamentarioko hainbat legebiltzarkidek, tartean EH Bildukoak. Oraindik nazioarteko uretan segitzen du Askasunaren Ontzidiak.
Astelehen honetan Europar Batasuneko Kaja Kallas diplomaziaburuari gutuna bidali diote 23 eurodiputatuk, batetik, babesa adierazteko joan den ostiral goizaldean Israelek eraso egin zion Askatasunaren Ontzidiari, eta bestetik, gertaturikoa gaitzesteaz harago, Europar Batasunari auzian esku hartzea eskatzeko. "Europar Batasunak erantzun egin behar du, Israelen inpunitatea salatu, eta Gazan egiten ari den genozidioa amaitu", adierazi dute oharrean.
Europar Batasunaren ardurapeko gertaera izan zen joan den ostiralekoa, gutuna sinatu dutenen esanetan, batasunean dagoen herrialde baten (Malta) uretatik gertu jazo zelako, nazioarteko uretan. "Halako kasuetan, batasuneko estatuek posizioa hartu eta ahotsa altxatu behar dute nahitaez". Izan ere, halakorik egin ezean, Europar Batasunak "onartu" egiten ditu bere estatukideetako langile humanitario, aktibista eta herritarren aurkako ekintzak.
Lau talde parlamentarioetako 23 eurodiputatu sinatzaileen artean dago EH Bilduko Pernando Barrena. BNG galiziarren ordezkariak ere sinatu du, baita Herrialde Katalanetako ERCkoak eta Compromisekoak eta Irlandako Sinn Feinek ere. Espainiako PSOE, Podemos eta Sumar alderdietako kideak sinatu dute eskaera, eta Frantziako Ekologistak eta Intsumisoak.
Gorka Elejabarrieta: "Marra gorri guztiak ari dira gainditzen"
Espainiako Senatuan hitz egin du EH Bilduko kanpo harremanen idazkari Gorka Elejabarrietak, eta bere hitzartzean erreferentzia egin dio Askatasunaren Ontzidiak jasandako erasoari.
"Inor ez da gai genozidioaz ez hitz egiteko", esan du besteak beste. Salatu du "marra gorri guztiak gainditu" direla, eta "okerrena" dela inor ez dela gai izan genozidioa geratzeko, are gehiago, jarraitu egiten duela. "Gure begiekin ikusi dugu orain Maltatik gertu, nazioarteko uretan, drone israeldarrek egin diela eraso nazioarteko aktibistei; tartean da Mikel Zuluaga euskal aktibista".