Plantillak astelehenean ekin dio grebari, kaleratzeei ezetz esateko. Espedientearen kontsulta-aldia abuztuan hasi izana salatu du Hego Uribeko LASek, enpresaren asmoa "langileen mobilizazioa eta erantzuna oztopatzea" izan delakoan.
Basauriko (Bizkaia) Bridgestonek azpikontratatutako Serveo enpresak ekainean jakinarazi zuen enplegu-erregulazioko espediente bat ezarri nahi duela, hainbat langile kalera bidaltzeko. Mantentze- eta garbiketa-lanak egiten dituzte Serveoko beharginek, eta Bridgestonek maiatzean kaleratze masibo bati bide egitea lortu ostean, Serveok ere "ekoizpenari" eta "antolaketari" loturiko arrazoiak argudiatu ditu gero, 39 langileetatik 22 kaleratzeko (plantillaren %57).
Horiek horrela, aurrera doa Serveok indarrean sartu nahi duen espedientea, abuztuaren 4an hasi baitzen erregulazioaren inguruko kontsulta-aldia. Hego Uribeko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) azpimarratu duenez, horrekin, enpresa-zuzendaritzaren asmoa izan da "langileen mobilizazioa eta erantzuna oztopatzea".
Gaur grebara joko du plantillak, "kaleratze ikusezinei" aurre egiteko, eta aurreko ostegunean protesta bat egin zuten Basaurin bertan, enplegu-erregulazioko espedientea "berehala atzera bota dezatela" eskatzeko. ELAk eta CCOOk osatzen dute Serveoko langile-batzordea, eta azken horrek egin du greba-deialdia. Bera izan zen, joan den maiatzean bertan, Bridgestoneko kaleratzeei buruzko ituna adostu zuen sindikatuetako bat.
Serveok gauzatu nahi dituen kaleratzeak, esan bezala, Bridgestonek berak aurten aplikatutako lan-erregulazioaren ondoren heldu dira. Maiatzean baieztatu zen Basauriko fabrikan 232 behargin kaleratuko zituztela (horietatik 224 "pizgarridun bajatzat" jo dituzten arren), hainbat astez lanuzteak eta mobilizazioak egin ostean, enpresarekin akordio batera iritsi baitziren CCOO, UGT eta BuB sindikatuak. Horren ondotik, zuzendaritzak egindako azken eskaintza onartzea erabaki zuen plantillak, eta ekainaren amaieran sartu zen indarrean lan-erregulazioko espedientea.