argia.eus
INPRIMATU
21 langile hil dira Euskal Herrian lan istripuz 2023an
  • Pasa den ostiralean, maiatzak 12, Burlatako Iturrondo industrialdeko lantegi batean larriki zaurituriko langilea zendu da.

ARGIA @argia 2023ko maiatzaren 19a

Burlatako pabiloi batean lanean ziharduen 22 urtetako langile azpikontratatua pieza astun batek azpian harrapatu eta larriki zauritu zuen joan zen ostiralean. Bada, LAB sindikatuak salatu du, istripuaren xehetasun guztiak argitzeke dauden arren, lan osasuneko protokoloak ez direla behar bezala bete.

LABek dio behin eta berriz salatu dutela patronalak ez dituela laneko osasuna bermatzeko neurriak hartzen eta araudia bera ere ez duela betetzen: "Ez ditu arauak errespetatzen, nabaria delako ez duela inolako isunik jasoko hau guztia betearazi behar lukeen administrazioaren aldetik. Nafarroako milaka langileei eragiten dien lan osasun araudia betearazteko 14 ikuskari soilik daude. Espainiako Gobernuaren eskumenpean dauden ikuskariak dira, eta berriz salatu nahi izan dugu Txibiteren gobernuak ez duela eskumena bereganatu nahi nahiz eta horretarako aukera izan". Erabaki politiko hori "langileria larrutik ordaintzen" ari dela azpimarratu du.

Era berean, azpikontratazioaren arrisku erantsia azalarazi nahi dute, "lanpostu arriskutsuak eta prekarioak" sortzen dituelako, baldintza horietan langileriak bere eskubideak betearazteko zailtasun handiak dituela dio sindikatuak, "segurtasunari berari ere bizkar emateraino".