Eusko Jaurlaritzak 2022an eskuratu zuen Zaballako (Araba), Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelen gaineko eskumena, eta ordutik uhalen edo eskuburdinen bidez loturik izan dituzten pertsonen inguruko datu batzuk eman ditu Maria Jesus San Jose (PSE-EE) sailburuak eta goranzko joera garbia azaleratu.
Datu ofizialetan aitortzen denez, 2022tik hona, EAEko espetxeetan 68 preso eduki dituzte uhalekin loturik, "iraupen luzeko" eusteak eginez. Gobernuak dio zazpi kasu izan zirela 2022an, hogei 2023an, 31 2024an, eta beste hamar urte hau hasi zenetik. Ez du presondegika bereizitako daturik eman.
EAEko kartzelarien sindikatu nagusiaren arabera, ACAIP-UGT alegia, "lokailu mekanikoko zeldak" eta "homologatutako uhalak dituzten oheak" erabiltzen dituzte preso dauden pertsonak lotzeko. "Arartekoaren gomendio batzuen ondorioz" ezarri omen zituzten baliabide horiek espetxe guztietan, Espainiako Gobernuaren eskumenekoak zirenean.
"Iraupen luzekoez" gain, Jaurlaritzak berak onartzen du "iraupen motzeko" lotzeak ere izan direla 2022tik, hau da, nagusiki eskuburdinekin egindakoak (teorian, ezin dezakete pertsona bat 20 minutuz baino gehiagoz eduki eskuburdinekin loturik, eta uhalak erabiltzeko baimena eskatzen da denbora hori igarotzean). Zehazki, "iraupen motzeko" gutxienez 414 kasuren berri eman du: hamasei 2022an, 78 2023an, 247 2023an, eta 73 2025a hasi zenetik.
Legez, gobernuak berak azaldu duenez, "minutu jakin batzuk igarotzen diren bakoitzean" osasun-langile batek artatu behar du loturik dagoen presoa, eta prozesu guztia bideoz grabatu behar da. Gainera, ustez, txosten bat idazten dute pertsona horiei uhalak kentzean eta euste-zeldatik ateratzean, euren osasun-egoeraren berri emateko.
Datu ofizialei erreparatuta soilik, agerikoa da bai uhal bai eskuburdin bidezko lotzeen goranzko joera. "Iraupen luzekoei" dagokienez, aurten bi baino gehiago izaten ari dira hilabete bakoitzeko, 2022an bat izaten zenean ia bi hilabeteko. elDiario.es-en esanetan, kartzelariek presondegietako pilaketak eta "preso mota" erabili dituzte aitzakiatzat lotzeak eta horien gorakada justifikatzeko. Hain zuzen, ACAIP-UGTk argudiatu nahi izan du "jende gaztea, polikontsumitzailea, errotzerik gabea eta galtzeko ezer ez duena" dela nagusi espetxeetan.